Santa Zezilia ospatuko dute bihar txistulariek eta Kantuz abesbatzak

Kronika - Erredakzioa 2006ko aza. 17a, 02:00

Metal boskoteak eta dantzariek ere parte hartuko dute Sandiusterriko kontzertuan. 15 obra eskainiko dituzte, Patxi Apezetxea eta Amaia Sasiainen gidaritzapean, 19:00etatik aurrera.

Santa Zezilia eguna da azaroaren 22a, datorren asteazkena. Musikarien patroi moduan ezaguna da santua eta horregatik, Hernaniko Udal txistulari bandak eta Kantuz Abesbatzak kontzertua antolatu ohi dute urtero bere omenean. 12 urte daramazkite Santa Zeziliako kontzertua egiten eta aurten ere ez dute hutsik egingo. Baina kontzertua ez da 22an izango, bihar, baizik, asteburuan eginda ikuslego zabalagoa ziurtatuta baitago. 19:00etan izango da, Sandiusterrin. Aurtengoan parte hartuko dutenak Hernani eta inguruko txistulariak, Kantuz Abesbatza, Metal Boskotea (2 tronpeta, tronpa, tronboia eta tuba) eta dantzariak izango dira. Emanaldia Patxi Apezetxea eta Amaia Sasiainek zuzenduko dute eta 15 obra entzun ahal izango dira.

Bi multzo nagusi
Egitaraua 15 obra musikalek osatuko dute eta bi multzotan banatuko da, txistulariena eta abesbatzarena. Aurreneko multzoan, bost obra joko dituzte txistulariek: Leoka, Patxi Apezetxearena, Sorgin Dantza, Txistulariak, Orripekoa eta Amaio. Sorgin Dantzan izan ezik, obra guztietan metal boskoteak lagunduko ditu txistulariak. Orripekoa eta Amaion dantzariak ere ariko dira. Multzo hau bukatzean, Kantuz Abesbatzak zazpi obra hauei jarriko die ahotsa: Saratarra (J.M.G. Bastida), Cantares (J.M. Serrat), Soule (J. Bello Portu), El dia que me quieras (C. Gardel), Arrosa Lore Lore (L. Elizalderen moldaketa), Axuri Beltza (J. Bustoren moldaketa) eta Te quiero (Liliana Cangianoren moldaketa). Emanaldiaren azken zatian, txistulariek, metal boskoteak eta Kantuz-ek elkarrekin interpretatuko dituzte bi obra: Herri Maite (E. Bilbao/A. Granadosek moldatua) eta Haurrak lotaratzeko soinua (herrikoia/J.I. Ansorenak moldatua). Kontzertua P. Sorozabalen Baserritarra-rekin bukatuko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!