Jasota Bezala

Kronika - Erredakzioa 2006ko aza. 16a, 02:00

Egun bizi dugun egoeran, zapalketa linguistiko eta euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketak etengabeak dira. Hor ditugu, esate baterako, osasungintzan euskarazko arreta gutxiengo bat jasotzeko gaitasun eza; bestalde, ikastetxe nahiz erosketak egiterakoan gurea ez den beste hizkuntza bat erabiltzera behartuta gaude kasu askotan. Hori gutxi balitz, justizia administratiboan ere ikusi ahal izan dugu, beste behin ere, hiru gazteren hizkuntza eskubideak urratuak izan direla, euren aurkako epaiketa euskaraz garatua izan zedin ukatu zaielarik. Honako hauek adibide batzuk baino ez dira; hizkun-tza eskubideen urraketa maila orotan gertatzen da. Honen aurrean, hizkuntza eskubideen bermearen aldarrikapena egin eta legedi beharra aldarrikatu behar dugu. Euskarak ezinbestez ofizialtasunaren beharra du. Egoera honen aurrean salaketa egitea ezinbestekoa da, eta hori dela eta, EHEk ezabaketa astea antolatu du Euskal Herri osoan. Hernanin ere, euskaldunok jasaten ditugun gabezi eta erasoei aurre egin behar diegu eta, horretarako, herritar guztion parte hartzea beharrezkoa da. Hori dela eta ostirala (azaroak 17) 18:30ean Tilosetara agertzeko deialdia luzatzen dizugu. Gure eskubideak defenda ditzagun!!! Euskararik gabe Euskal Herririk ez!!

Ainhize Zabaleta Hernaniko EHE

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!