Amnistiaren aldeko Mugimenduak (AAM) bultzatuta, ekimen ibiltaria dabil azken asteotan Euskal Herrian barrena, euskal preso politikoen eskubideak errespeta-tzeko eskatzen. Ekimenak Leintz-Gatzaga, Lea-Artibai eta Sakana eskualdeak pasa ditu, joan den igandean Hernanialdera etorri aurretik. Hemen astebete emango du Deba aldera joan aurretik eta Gabonak aldera bukatuko du bere ibilbidea.
Gaixo larriak eta kondena bete duten presoak kalera
Ekimen ibiltarian, nabarmendu nahi dute gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak eta zigorraren 3/4ak beteak dituztenak kaleratuak izan behar dutela (guztira 150 dira). Horrez gain, euskal preso politikoen kolektiboari estatus politikoa onartzea ere eskatzen dute, ´Euskal Herria bizitzen ari den normalizazio prozesuan parte hartzeko`. Honekin batera, ekimena baliatu nahi dute, eragile ezberdinekin presoen eskubideen aldeko konpromisoak hitzartzeko. Horren harira, Hernanin baraualdia egiten ari den taldeak hasiak ditu harremanak sindikalgintza, gazte talde nahiz euskalgintza eremuko elkarteekin. Talde hauei konpromiso zerrenda helaraziko diete, ´gaur egunean martxan dauden dinamikekiko konpromisoak hartzeko`.
Egitura nazionaletako kideak baraualdian
Hernaniko haur eskola zaharrean baraualdia egiten talde ezberdinetako kideak daude: Etxerateko egitura nazionaleko 2 kide, Askatasunako 3, presoen abokatu bat eta 2 preso ohi; guztira 8 lagun. Horietako bik, Xabin Juaristik (Askatasuna) eta Jaione Karrera abokatuak azaldu dute Euskal Herriari Xantaiarik ez! lemaren muina: ´Presoak hain baldintza gogorretan edukita, etsipena sortarazi nahi diete, beraiei eta senideei, gero hori baliatzeko. Horren helburua da, baita ere, ezker abertzalea negoziaketa mahai batera eskuak loturik ailegatzea. Horrek izen bat dauka: xantaia`. Juaristiren esanetan, ´ezin da prozesu demokratiko bat aurrera eraman, presoei eskubide demokratikoak ukatuta` eta gobernuaren jokaera arbuiatu du, ´Hitz onak bota dituzte, baina presoei ezar-tzen ari diren neurriak mendeku eta gorrotozkoak dira. Zalantzan jartzen dugu bere borondatea`. Gaineratu zuten, hala ere, lanean jarraitu eta herritarrak inplikatu nahi dituztela, argi gorria piztuta baitago, ´datu errepresiboak ikaragarriak dira, epaileak elemento politikoak dira, presoei tamainara egindako neurri politikoak ezartzen dizkiete...` azpimarratu dute. Iñaki De Juana preso donostiarraren egoeraz galde eginda, zera adierazi dute: ´Miresgarria da egiten ari dena, baina oso kezkatuta gaude, bere gorputza ahulduta baitago. Kezka hori gizartera zabaldu nahi dugu, eta nabarmendu gose greba ez dela arazoa, ondorioa baizik`.
Gaur kontzentrazioa ferian
Gaur kontzentrazioa izango da Hernaniko ferian, 16:00etatik 18:00etara eta 20:00etan eskualdeko manifestazioa aterako da Lasarteko udaletxetik. Bihar, kontzentrazioa egingo dute Zinkoenean, 20:00etatik aurrera.
3/4ak bete dituzten preso politiko hernaniarrak
Pakito Lujanbio Galdeano
Atxilotze data: 1984ko uztailaren 15a.
3/4ak bete zituen data: 1999ko uztailaren 15a.
Gaur egungo espetxea: Herrera de la Mancha
Inma Noble Goikoetxea
Atxilotze data: 1986ko apirilaren 6a.
3/4ak bete zituen data: 2002ko urtarrilaren 23a.
Gaur egungo espetxea: Algeciras.
Araitz Zubimendi Izaga
Atxilotze data: 2005eko urtarrilaren 28a.
3/4ak bete zituen data: 2006ko apirilaren 25a.
Gaur egungo espetxea: Soto del real.