Udalak jakinarazi du Latsunbeberri auzoan 0 eta 5 urte arteko haurrentzat parkea egingo duela. Parkea kiroldegiko azpiko sarrera aurrean kokatuko litzateke, gutxi gorabehera. Parkearen aurrekontua 24.000 eurokoa izango da eta Udalak lehiaketa ireki du obrak zein enpresak egingo dituen erabakitzeko. Parkea nolakoa izango den eta obra egiteko epea aukeratutako enpresak egindako proposamenaren araberakoa izango da. Datozen egunetan, deialdi honi erantzuten dioten proposamenak aztertu beharko ditu Udalak.
Auzotarren proposamena
Zerbitzu Publikoetako Batzorde burua den Andoni Amonarraiz zinegotziak azaldu du auzotarren eskari bati erantzunez egin dutela parkea: ´auzoko bizilagunen elkartea izan zen eremu honetan parke berri bat ipintzea eskatu ziguna`.
Udalak azaldu duenez herriko hainbat parke berritzen ari dira eta adibide bezala aipatu ditu Karabel auzoko Olaeta plaza eta Zikuñaga auzoko parke berriak. Bi hauek ere auzotarren eskaerei erantzunez egin dira, Udal ordezkariaren hitzetan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!