«Mugak kontrolatu nahiak ezin ditu justifikatu gertatzen ari diren giza eskubideen urraketa larriak»

Kronika - Erredakzioa 2006ko aza. 15a, 02:00

Costa de Marfileko errefuxiatu politikoa den Sylla Lassinak Afrika eta Europa bereizten dituen hegoaldeko mugari buruz hitz egingo du gaur. Arratsaldeko 19:30ean, Biterin.

Sylla Lassina, Costa de Marfileko errefuxiatu politikoa izango da gaur Hernanin, Espainia eta Afrika arteko mugaz hitz egiteko. Hegoaldeko Muga izenarekin ezagutzen da, Europar Batasuna eta Afrika arteko muga ere badena. Hitzaldia Amher elkarteak eta S.O.S. Arrazakeriak taldeak antolatu dute eta salatu nahi dute Hegoaldeko Muga horretan izaten diren giza eskubide urraketa larriak. Gaiari buruz hitz egiteko 1995-2006 urte artean SOS Arrazakeria elkarte federazioak osatutako txostena erabiliko du Sylla Lassinak. Hitzaldia arratsaldeko 19:30ean izango da, Biterin.

Espainiatik bota eta desertuan abandonatua
Sylla Lassina giza eskubide urraketa hauen testigu izan da, bertatik bertara. 2005ean Espainiatik ilegalki kanporatua izan zen eta Maroko hegoaldeko kanpamendu militar batean izan zuten preso. Costa de Marfileko gerra zibila zela eta asilo politikoa eskatu zuen Marokon, baina eskaerari ezezkoa eman zioten. Ostera, Espainiako Estatuan eskatu zuen eta onartu egin zuten.

Larunbatean jaialdia
Larunbatean jaialdia izango da arratsaldeko 16:00etatik aurrera Atsegindegin: Kamerun eta Euskal Herriko ipuin kontalariak, txokolatada, margo eta buztin tailerrak, musika eta dantza latinoak, eskoletan egindako lanen erakusketa eta informazio hesia izango dira.

Hegoaldeko Muga: 1995-2006 txostena
- ´Urte asko dira Hegoaldeko Muga heriotzarekin lotutako lekua dela: hildako eta desagertutako 386 pertsona 2005ean; 2004an, 289; 2003an, 236; 2002an, 152...eta 260tik gora 2006ko aurreneko zortzi hilabeteetan`.
- ´Espainiako Estatuak eta Marokok mugimendu migratorioei emandako erantzuna izan da Ceuta eta Melilla, eta Maroko artean horma lotsagarri berri bat eraikitzea, Europar Batasunaren inbertsio multimillonarioak lagunduta, migrazio mugimenduak geldiarazteko. Aurten horma hori bikoiztu egin da altueran eta 6 metro neurtzen ditu. Hormak arantzaz betetako alanbrea dauka goikaldean eta heriotza tranpa bat da`.
- ´Asmoa da muga eramatea oinarri demokratikoak errespetatzen ez diren lurraldeetara, Marokora kasu. Horrela legearen kontrola eta Europako herritarren eta organismoen kontrol bisuala sahiestu nahi dute`.
- ´Hildakoak eta desagertutakoak, legez kanpo kanporatutakoak, sartzea lortu dutenak eta denboraldi luzez egoera irregularrean bizi behar izan duten inmigranteak....guzti hau Europa eta Espainia mailako politika migratoriorik ez dagoen testuinguruan gertatzen da. Miigrazio politika batek ekarri behar luke planteatzea politika integral bat, alde ezberdinak kontutan hartuko dituena: harrera, integrazio politika eta hiritartasuna eskuratzeko politika`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!