«Irakurlearen esku utzi nahi nuke liburuko testuei azalpena emateko lana»

Kronika - Erredakzioa 2006ko aza. 14a, 02:00

JAUNBAU Erauskinek idatzitako testu labur bilduma argitaratu berri du Paperzaleak Kultur Elkarteak. Laztañe izena jarri dio idazleak liburuxkari, bere amak erabiltzen duen hitza omen da Laztañe, ´egurrean zuloak egiteko balio duen tresna da, gero torlojua edo tirafondoa sartu ahal izateko` azaldu du Juanbau Erauskinek. Liburua eskuratu nahi duenak Lete liburudendara jo dezake, eta 2 euroren truke eskuratuko du.
Laztañea, zuloak egiteko tresna Liburuaren hasieran azaltzen du Juanbau Erauskinek laztañe hitzak liburuxkan duen zentzua: ´Azkurea min ttiki-ttikia izanik, daukagun erresumin hori kentzeko min handixeagoa egiten diogu gorputzari, hazka eginez. Eta arindua hartzen dugu. Laztañek laztan egiten dio egurrari ondorengo zauri handiagoak min ttikiagoa egin diezaion. Eta arinago sartzen dugu torlojua`. Kasu honetan liburuko testu hauek laztañeak egiten dituen zulo txikiak direla azaldu du Juanbau Erauskinek, baina irakurleak sartu behar omen du torlojua, liburuko testu bakoitzari esanahia emanez.


Aurreneko liburua, baina betidanik idazlezalea
Juanbau Erauskinek idatzitako aurreneko liburuxka da Laztañe, baina betidanik izan du idazteko joera. Lehenago, kolaborazioak egin ditu Ostiela aldizkarirako eta baita Molotoff Irratirako ere. Liburua osatzea kosta egin omen zaio, batez ere testuak aukeratzea, liburu idazle paperean erosoegi sentitzen ez denaren seinale: ´Asko kosta zait liburua osatzea, batez ere testuak aukeratzea, testu mordoa pilatu dut urteetan eta ez nekien zeren arabera egin aukeraketa`. Hala ere, animatu eta urratsa eman du, batez ere Paperzaleak Kultur Elkarteko kide eta idazlea ere baden Gorka Setienek komentzituta.

Gai jakinik ez duten testu laburrak
Liburuxkan 40 bat testu labur aurkituko ditu irakurleak, batzuk ulertzeko errazak eta besteak aldrebesagoak. Gai ezberdinak aipatzen dira testuetan zehar, horietako bat da denbora: ´Elias Canettik esan zuen gizartearen asmakizunik perfekto eta beldurgarriena denboraren zatiketa izan zela` aipatu du idazleak, denbora, kezkatzen duen gaia dela adieraziz. Gai honen bueltan honako testua irakurri daiteke Laztañe izeneko liburuxkan, Iraupena izenburua duena: Irauten duen bitartean da ederra bizitza. Makurra, etsigarria, eramangaitza. Baina halakoa dela esateko bukaerara iritsi behar duzu. Eta bukaera iraun artean da. Idazleak bere buruaz gogoeta egiten du beste testu batzuetan, Nor naiz ni izeneko honetan esaterako: Samurtasunik gabeko koherentzia krudelkeria da. Koherentziarik gabeko samurtasuna koldarkeria da. Bi erreten hauek bat non egin dezaketen ari naiz bila. Litekeena da izenburua duen beste testu labur hau ere irakurri daiteke: Litekeena da guk pentsatu nahi ez dugun dena delako horretan egotea gure pentsamenduaren aurrerabidearen funtsa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!