Adineko pertsonak Hernanin: arretarik eza

Kronika - Erredakzioa 2006ko azaroaren 12a

Alex Esnal Arrizabalaga Sozio-Komunitario arloan LABeko Donostialde Eskualdeko Arduraduna eta Hernaniko Udaleko eta Patronatuko LABeko Sail Sindikala.

LAB sindikatuak zera salatu nahi du iritzi publikoaren aurrean, Hernaniko etxez etxeko asistentziaren egoera tamalgarria. Lehenik eta behin, esan beharra dago udalaren eginkizuna dela etxez etxeko asistentzia ematea zerbitzu hori eskatzen duten herritar guztiei. Baina, gaur egun, udalak ez dio dagoen eskari guztiari erantzuten eta, horren ondorioz, itxaronzerrendan 100 pertsona baino gehiago daude. Hernaniko udalak azpikontratatuta dauka zerbitzua eta bertan 30 emakumek baino gehiagok lan egiten du, %50 inguruko lan-egunarekin. Bada, horrekin aski ez eta behin behineko proposamen batekin dator udala, itxaronzerrendan daudenei erantzun ahal izateko. Proposamenaren arabera, udalak aurrekontu bat bideratuko luke bonu edo taloi sistema bat abian jartzeko. Sistema horren bidez, erabiltzailearen esku geldituko litzateke lana egingo duen pertsona kontratatzea eta udalak, gehienez, orduko 8 euro ordainduko lioke erabitzaileari. Udalak eman nahi duen urrats berri honekin ez zaie erantzuten Hernaniko adineko pertsonek dituzten beharrei, alde batetik, euren ardurapean gelditzen delako zerbitzua emango dien pertsona kontratatzea; eta, beste aldetik, egoera are larriago bihurtzen duena, udalak emango duen diruarekin ezinezkoa delako pertsona bat lan-egoera duinean hartzea, kontratuarekin e.a. Konponbide honen bidez, diru publikoa erabiliko da merkatu beltzera jotzeko eta, gehien-gehienetan, emakumeak izango dira lan hori egingo dutenak egoera prekarioan eta udalaren oniritziarekin. Bidegabekeria horren arduradun gaur egungo udaleko Gobernu Taldea da, ondorengo alderdi politiko hauek osatutakoa: EAJ-EA eta EB. LAB-ek politika egiteko eredu neoliberal hori salatu nahi du, udalak bultzatzen duena, eta udala kudeatzeko eredu hori aldatzeko exijitzen du, eta kasu jakin honetan Hernaniko adineko pertsonen premiei erantzuteko. Horretarako eskatzen duguna da %100era zabaltzeko lan-eguna gaur egun etxez etxeko asistentzia zerbitzua ematen ari diren langileei eta, hala eginda ere nahikoa ez balitz eskariari erantzuteko, plantilla zabaltzeko itxaronzerrenda desagertzeko beharrezkoak diren langileak hartuta. Herritarrei ere dei egiten diegu sala dezaten eta borroka daitezen udalaren politika neoliberalaren eta antisozialaren aurka. LAB-ekook lanean jarraituko dugu prest dauden eragile politiko eta sozial guztiekin batera, mendekotasunari aurre egiteko euskal sistema publiko baten alde, herritaren premiei erantzungo diena.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!