`Remake` baten errepikapena

Kronika - Erredakzioa 2006ko azaroaren 12a

Izenburu originala: `Texas chainsaw massacre III: The bennining` (2006). Estatu Batuak. New Line Cinema. Zuz. Jonathan Liebesman. Istorioa: Sheldon Turner. Gidoia: David S. Goyer eta Mark Steven Johnson. Produktorea: Michael Bay. Koproduktorea: Tobe Hooper. Antzezleak: Jordana Bewster, Andrew Bryniarski, R. Lee Ermey, Taylor Handley, Matthew Boner, Diora Baird, Heather Kafka. Estreinatutako aretoa: Oscar la Bretxa

1974 urtean, Tobe Hooper zuzendari estatubatuarrak The texas chainsaw massacre film klasikoa zuzendu zuen, sekulako arrakasta lortuz. Horrez gain, filmak azken urteetako terrorezko zinemaren alde baten ezaugarriak finkatu zituen. Izan ere, leatherface psikopata mitikoaren agerpenak tankera horretako psikopata hiltzaileen zerrendari hasiera eman zion (Jason, Freddy Krueger). Eta Leatherface-ren familiaren gehiegikeriak gauzatu zituen, iruditan, nekazal mundua eta hiriaren artean betidanik egondako haustura. Era berean, aipatutako klasikoan askok ikusi nahi izan dute Vietnameko Gerraren metafora, eta filmak ideia horrekin nolabaiteko lotura izango du ziurrenik. Bigarren zatia kaxkarra Proiektuaren emaitza kontuan harturik, eta porrot zinematografiko batzuk jasan ondoren, Tobe Hooper makurtu egin zen eta The texas chainsaw massacre II (1986) kaxkarra zuzendu zuen. Jarraian, beste bi zati gehiago ere gauzatu zituen, guztiak ahaztutzekoak, guztiak guztiz errentagarriak. Klasikoaren ‘remake’a Istorio triste hau apenas ahaztu ondoren, 2003 urtean Michael Bay (La roca, Pearl Harbour) produktoreak proposatu zion Hooperri lehenengo film klasikoaren remake bat egitea. Hooper produktore exekutibo lanetan aritu zen eta ardura Marcus Nispelen eskuetan jarri zuten. Filma kaxkarra izanda ere, zeozer interesgarria badu, istorioa aldatu egin baitzuten gidoigileek. Eta istorioaren alde original horietaz baliatuz, Nispelek berregituratu egin zuen klasikoa, produktoreek utzitako neurrian. Nahikoa ez bazen ere, oraingoan Hooper/Bay bikoteak beste film bat aurkeztu digute prekuelak egiteko joera aitzakia moduan erabiliz (Star Wars, Batman beginning, The exorcist: the beginning). Nahiz eta nahiko ondo saldu gezurra, Texasko hilketaren hirugarren zati hau ez da prekuela bat, Marcus Nispelek zuzendutako remakeren errepikapena baizik. Eszenario berdina, argazki lana antzekoa, plastikozko bi bikote... Eta Leatherface mitikoa karikatura batean bihurtua. Ikuskizun penagarria eta astuna, Texasko hilketa hau lehen bailehen ahaztutzeko diseinatuta dago.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!