Urko Apaolaza
ERDI AROKO lehenengo mende ilunetan barrena galtzen dira euskaldunen inguruko berriak. Pixkanaka ari zaio argi ematen gure historiaren pasarte horri, baina oraindik basamortu kronologiko bat dirudi garai horrek, batez ere dokumentu idatziei dagokienez. K.o milagarren urtea pasatakoan, ordea, idatziak eta testuak ugaritzen dira, eta Behe Erdi Aroko loraldiaren atarian jakin dezakegu Gipuzkoa eta Hernani, nondik eta nola sortu ziren. Esaterako: 1025 urtean azaltzen da lehen aldiz Ipuscua hitza, San Joan de la Peña monastegiari (Huesca) egindako donazio batetan. XIgarren mendean hasi ziren ezpatak mairuen lepo gainean dantzan. Errege eta jauntxo borrokalarien mendea zen hura, Antso Nagusiarena. Erreinu kristauak egituratzen ari ziren garai haietan eta odola, ohorea eta erlijioa ziren garrantzitsuena. Nafarroako erreinuan zenbait monastegiren boterea sekulakoa zen ordurako: San Joan de la Peña, Iratxe, Leire, Donemiliaga... Horma erromaniko eder haien barruan ez zen soilik fedeaz hitz egin; bertan banatu ziren lurrak eta hamarrenak, eta saldu zituzten errege haundientzako aholkuak. Gainera, antzinako monastegi beneditar horiek idatzizko kulturaren babesleku ziren, eta hain zuzen, bertako liburutegietako fraileek idatzi zuten, tinta beltzez bustirik, gure herriaren izena lehen aldiz.
´In finibus Ernani ad litus maris...`
Hernaniri buruzko lehen berria Donemiliga monastegitik datorkigu. Donemilagako monastegia (Errioxa) nafar erreinuaren gune espiritual garrantzitsuenetako bat izan zen urte luzez eta bertako fraileek dokumentu eta kodize garrantzitsuak idatzi zituzten (horien artean erromantzeko eta euskarazko esaldiak aurkitzen dira). 938 urtean dataturiko testu batean esaten da Fernan Gonzalez Gaztelako konde odoltsuak Hernani inguruko lurren gaineko eskubideak ematen dizkiola Donemiliagako monastegiari. Baina arazo bat dago, adituen ustez testu ´apokrifo` hori (itxura zahartua) Fernandus izeneko fraile eta dokumentu faltsutzaile ezagun baten obra da eta XIIgarren mende inguruan idatzi zen. Dokumentu hori faltsua dela ikusita, Leireko San Salvador monastegian idatzitako beste dokumentu batengana jo behar dugu, nahitaez, ´Ernani` hitzaren jatorria bilatzeko. 1014 urtean Antso Nagusiak sinaturiko testua da, eta horren bidez ´Hernaniko mugaldean eta itsasoaren artean` dagoen San Sebastian izeneko monastegi txikia Leirekoaren esku uzten du errege nafarrak. Monastegi hori gaur egungo Antigua auzoan zegoen, baina ez da haren arrastorik geratzen. Dena den, iruzur baten aurrean aurkituko dugu gure burua berriz ere, dokumentua faltsua baita. Antza, testuan azaltzen diren deskribapenak ez dute bat egiten XIgarren mende hasierako datuekin, eta paleografoen iritziz 1197 urtean idatzia izan zen, ia berrehun urte geroago. Faltsuak dira, baita ere, 1027an Antso Nagusiak Iruñeako gotzaindegiaren mesedetan Hernaniri buruz idatzitako beste testu bat, edo Baionako Arsio izeneko gotzaiak Xgarren mendean idatzitakoa (terra quae dicitur Ernanoeia, et Sant Sebastianum de Pusico). Denak faltsuak. Baina zergatik egin zituzten fraile eskribauek gezurrezko dokumentu horiek? Ze interes ezkutatzen zen iruzurraren atzean?
Botere monastikoaren trikimailuak
Idazten jakitea pribilegio bat zen garaian, testu idatziak harri-bitxiak ziren, dokumentu garrantzitsu eta fidagarriak. Monastegi ugari horretaz baliatu ziren boterea haunditzeko eta horietako asko manipulatu edo desitxuratu egin zituzten beren probetxurako. Hain zuzen, horixe pasatu zen Hernani aipatzen duten idatziekin. Donemiliagako testu faltsuak, adibidez, Gaztelako erreinuak baliatu nahi izan zituen, euskal lurraldeen konkistarako. Leireko monastegiaren kasua ezberdina da ordea. Monastegi horrek indar ikaragarria zuen beneditarrak bertan ezarri zirenetik. Iruñeako gotzaia eta Leireko abadea pertsona bera ziren, baina XIIgarren mendean kargu hori banandu egin zen eta monastegi zaharraren gainbehera hasi zen orduan. Bertako fraileek azkar ikasi zituzten idazkera faltsuaren azpijokoak eta amarruari ekin zioten geratzen zitzaizkien zergak eta hamarrenak ez galtzeko, horien artean Sanct Sebastian Dernani monastegiarenak. Hala ere, fartsa hura ez zitzaien ondo atera eta lur preziatu hauek Urgul mendiaren magalean Iparraldeko gaskoiek sortutako hiri txiki baten esku geratu ziren: Donostia.
Hernani versus Donostia. Zein zeinen jabe?
Hernaniri buruzko dokumentuak faltsuak diren arren, Erdi Aroko gure herriaren berri jakiteko zenbait pista ematen dizkigute. Horien bidez badakigu garai haietan Hernani izen geografiko bat zela, Urumea bailara eta inguruko lurrei deitzeko modu bat. Hernaniko eremuaren barruan sartzen zen San Sebastian monastegia. Baina 1181ean errege nafarrak Donostia fundatu zuenean Hernaniko admnistrazioa hiribildu honen esku geratu zen, harik eta Hernanik bere pribilegioak berreskuratu zituen arte, XIIIgarren mendean. Dena den, bi herrien arteko hasierako harremana zein izan zen ez dago batere garbi eta historialarien artean eztabaida piztu izan da gai horren inguruan. Batzuen ustez Hernanik, Donostia fundatu baino lehen, honen gaineko eskumena zuen eta Urumea bailarako hiriburu naturala zen. Beste batzuek ez dute horrelakorik ikusten. Ez gara gu horrelako eztabaidetan sartuko, baina afalosteko tertulietarako utziko ditugu honako galdera hauek: Izan al ziren noizbait donostiarrak hernaniar? Eta hala balitz, geratzen al da hasierako harreman berezi horren arrastorik gure artean?
Zer pasatu zen Hernaniko fundazio gutunarekin?
FUNDazio gutuna da herri batek izan dezakeen dokumenturik preziatuena. Gutun edo carta puebla horren bidez, Erdi Aroko herriek hainbat eskubide jaso zituzten garaian garaiko erregeen eskutik. Lurralde bat politikoki egituratu eta merkataritza suspertzeko helburuarekin egin ziren fundazioak; Gipuzkoan, adibidez, Donostiari 1180ean eman zioten Lizarrako forua, eta horren ondoren etorri ziren kostaldeko beste zenbait herri. 1256an Segura, Ordizia eta Tolosa fundatu zituzten (Tolosako 750garren urteurrena aurten ari dira ospatzen ekitaldi ugarirekin).
Eta Hernani? Noiz fundatu zen Hernani? Zoritxarrez ez dago jakiterik noiz izendatu zuten hiribildu, fundazio gutuna 1332an erre baizen, ganboatar leinuko kide batzuek herri guztiari su eman ziotenean.
750garren urteurrena gurea ere?
Hernani hiribildu independiente bezala azaltzen den lehenengo dokumentua 1379koa da, horregatik uste izan da gure herriaren fundazioa urte horretakoa dela. Baina aspaldi honetan beste data bat ibili da ahotik ahora: adituen ustez 1256 urtean fundatu zuten Hernaniko hiribildua, Segura, Ordizia eta Tolosarekin batera. Antza, Alfontso X Gaztelako erregeak zenbait hiribildu sortu zituen San Adriandik zetorren errege-bidea babesteko eta horien artean legoke Hernani. Beraz, teoria hori egia balitz, aurten 750 urte bete dira foru pribilegiatua eman zigutenetik.
Urteak gorabehera, jakina da Gipuzkoako herri zaharrenetako bat dela gurea. Hiribildu klasikoen egitura edo krokisa ikusi daiteke oraindik Hernaniko Kaxkoan: kale eta etxe estuak, arkuak eta Erdi Arora garamatzaten harrizko dorreak. San Joan eliza gaur egungo San Agustin komentuan zegoen orduan (XVIgarren mendean aldatu zuten lekuz) eta komentuko elizaren atari erromaniko-gotiko paregabeak, duela 750 urte nor izan ginen islatzen du oraindik. yy