Zeelanda Berria, Kanada, Etiopia eta igoera ikusgarriak Mendizale Asteko proiekzioetan

Kronika - Erredakzioa 2006ko azaroaren 12a

Bihartik ostegunera egunero izango dira proiekzioak, arratsaldeko 19:30etan Biterin. Ostiralean, argazki lehiaketako argazkiak aurkeztuko dira eta sariak banatuko dira.

MENDIZALE asteak bihar izango du jarraipena, hainbat mendizalek prestatutako irudi proiekzioekin. Astelehenetik ostegunera bitartean Biteriko areto nagusiko eserlekutik mugitu gabe, igoera eta eskalada ikusgarriak, eta Etiopia, Zeelanda Berria eta Kanadako paraje ikusgarriak ikusi ahal izango dira. Proiekzio guztiak arratsaldeko 19:30etan izango dira. Proiekzioetan aurrena Juan Vallejok prestatutakoa izango da. Broad-Peakera neguan egindako igoera, Baltoro Glaziarrean dagoen Izenik Gabeko Dorrean egindako eskalada, eta K2 mendira egindako igoera ikusi ahal izango dira, berak aurkeztuta.

Ostiralean argazki lehiaketako sari banaketa

Ostiralean argazki lehiaketan aurkeztutako diapositibak eta argazki digitalak ikusi ahal izango dira. Horrez gain, elkarteak urtean zehar egindako irteeretako argazki aukeraketa ere proiektatuko dute. Argazkiak erakutsi ondoren lehiaketako sari banaketa izango da. 19:30ean, Biterin. Igandean bazkide eguna dute eta aurten Zegama-Zerain mendi irteera egingo dute.

  • Astelehena 13
    KARAKORUM MENDIAK
    Juan Vallejo mendizaleak egindako 3 eskalada erakutsiko ditu: Broad Peakera neguan egindako igoera; Baltoro Glaziarraren Izenik Gabeko Dorrean egindako eskalada (Eternal Flame bidea, 1.400 metroko horma ikagaragarria, eta Al filo de lo inposible saiorako K2ra egindako igoera.
  • Asteartea 14
    ETIOPIAN BARRENA, OINEZ
    Mila Gallastegi eta Asier Aranzabalek Etiopian barrena oinez egindako bidaian
    ikusitako parajeak erakutsiko dituzte: Sitien eta Lasta mendiak eta Nilo Urdinaren
    iturburua iparraldean; hegoaldean, Kaffa mendiak.
  • Asteazkena 15
    ZEELANDA BERRIA
    Jose Ramon Agirre, Marronek, Zelanda Berrian zehar egindako bidaiaren berri emango du, Northlandeti Otago eta Southlanderaino. Tasmaniako kostaldeko hondartzak, parke nazionalak, sumendiak eta  bertako fauna aberatsa ikusi ahal izango dira.
  • Osteguna 16
    MENDIKO ESKIA KANADAN
    Belen Eguzkitza eta Poto Gorrotxategiren proiekzioa. Helikopteroak Glaziarretako parke nazionalean utzi zituen bi mendizaleak. Motxila bizkarrean eta eskiak oinetan, zortzi egunetan egindako
    bidaian topatutako bazter
    ikusgarriak erakutsiko
    dituzte.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!