Hernani K.E. igeriketa klubak urte asko daramazki Hernaniko gaztetxoei igeri egiten erakusten eta lehiaketarako prestatzen. 60 bat lagun ibili izan dira aurreko urtetan, 8 urteko haurretatik hasi eta seniorretara, baina, aurten, 50etik jaitsi egin da kopuru hori. ´gazte batzuk beste kirol bat aukeratzen dute eta beste batzuk ikasketak edo lanarengatik uzten dute`. Hernani K.E. elkarteko igerilariak, igeriketa eta wa-terpoloan aritzen dira eta alebinek, benjaminek, infantilek eta junior edo absolutoek osatzen dute kluba.
Entrenamendu landuak
Jon Ander Izuzkiza eta Borja Apeztegia dira neska-mutil hauek guztiak forman mantentzearen arduradunak. Jon Anderrek, entrenatzaile bezala aritzeaz gain, igeriketa proba eta waterpolo partiduetan parte hartzen du. Borjak, igeriketa praktikatzen bazuen ere, gaur egun entrenatzaile lanetan besterik ez da aritzen. ´Ondo landutako programan oinarritzen ditugu igerilarien saioak, test eta prestakuntza. Egitura oso ona daukagu` dio Borjak. Ez alperrik, IVEFen lizenziatua da. Igeriketa sakrifikatua dela diote, baino ez jendeak uste duen adina. Seniorrek astean bost egunetan entrenatzen dute, eta txikienek bi edo hirutan. Txikienekin, igeri egiten ondo ikastea da helburua, uretan askatasuna ematea. Adinez igo ahala, errendimenduan sakontzen dute entrenatzaileek, baina jarduera ludikoak alde batera utzi gabe. Entrenatzaileek igeriketaren onurak ekartzen dituzte gogora: ´Guk jendea animatu nahi dugu igeriketan hasteko, kirol polita eta aldi berean, oso osasuntsua delako. Jendeak daukan ideia da guk hemen jendea matxakatzen dugula, baina hori ez da horrela. Beti izan dugu giro ona eta jendea gustora etorri ohi da. Igeriketaz kanpoko jarduerak ere egiten ditugu, hala nola, Zuazara edo Benidormera irteerak`.
Txapelketak
Igerilariak neguan izaten dituzte txapelketa gehien. Otsaila-Martxoa aldera Euskadiko kopa izaten da eta aurretik, hainbat proba izaten dira Kopan parte hartu ahal izateko markak lortzeko. Azkarrenak 50, 100 eta 200 metroko karreretan aritzen dira eta fondo gehiagokoak neurri luzeagoetan, 1.500 metro arte. Igerilari bakoitzak bi probetan hartzen du parte egun batean, gehienez. Neguan jokatzen dira waterpolo txapelketak ere, Gipuzkoako eta Euskadiko ligak. Udaran, berriz, itsasoko trabesietan ateratzen dira, `disfrutatzeko asmoarekin`
Nola sartu taldean?
Taldean sartzea nahi duenari froga txiki bat egiten diote, jarraitu beharreko prestakun-tza finkatzeko. ´Etortzen den guztiak hartzen ditugu. Normalean txikitan hasten dira igeriketan, 8-10 urterekin`. Haurren gurasoek kuota bat ordaintzen dute.