«Ikastolen Elkarteko ikasmateriala mundu mailan goiko muturrean dagoela erakusten du honek»

Kronika - Erredakzioa 2006ko azaroaren 11

Ikastolen Elkarteak, English-Speaking Union President’s Award 2006 sari entzutetsua jasoko du, datorren asteazkenean, Space Search 2 izeneko CD-ROMagatik. Edinburgheko Dukeak berak ematen duen saria da, ingelesaren hobekuntza eta irakaskuntzan teknologia berrietan izandako berrikuntzak saritzeko. Ikastolen Elkarteko informatika taldean lan egiten duten Loraine Lekuona hernaniarrak eta Bea Lasagabaster astigartarrak azaldu dizkie Hernaniko Kronikari nondik norakoak.

BUCKINGHAMEKO Jauregian bertan jasoko du saria Ikastolen Elkarteak, datorren asteazkenean, Edinburgheko Dukearen eskutik. 9-10 urte arteko gazteek ingelesa ikasteko Space Search 2 CD-ROMak jaso du English-Speaking Union President’s Award 2006 saria, Eleanitz-English proiektu barruan dagoen CD-ROMak, alegia. Loraine Lekuona hernaniarrak eta Bea Lasagabaster astigartarrak sariaren dimentsioa azpimarratu dute, Ikastolen Elkarteak egiten duen, eta orohar, Euskal Herrian egiten den ikasmateriala mundu mailako goiko muturrean jartzen baitu. ´Hiru urte daramazkite euskarri informatikoko sari hauek ematen eta aurreko edizioetan Cambridge, Oxford eta McMillanek jaso dute saria; izugarria da orain horien mailan jartzea` esan dute. Eleanitz-English proiektuaren barruan Space Search 2 CD-ROMa ez da sariketara aurkezteko sortua izan, eta hori bereziki azpimarratu du Ikastolen Elkarteak: ´CD-ROM hau Eleanitz-English programaren barruan egindakoa da; ez dugu sariketarako sortu. Horrek erakusten du sortzen den materialak berez duela maila altua, saria CD-ROM honek jaso badu ere, gainerako materialaren maila berekoa baita`. Lekuona eta Lasagabasterren hitzetan, sorpresa izugarria hartu dute Elkarteko kide guztiek: ´Diana Lindsay Eleanitz-English egitasmoko koordinatzaile pedagogikoa izan zen CD-ROMa lehiaketara aurkeztu zuena, gainerakoei ezer esan gabe. Baina, saria jaso genuela esan ziotenean, denak enteratzeko moduan jarri zen` esan digute parrez. Lehiaketa honek ez du sari ekonomikorik ematen, ´prestigioa eta ohiartzuna` da ematen duena eta hori nabaritu da: ´ez dakigu hango prentsa arduradunak komunikabideekin harremanetan jarri direlako den, baina ohiartzun handia izan du, normalean gehiegi ateratzen ez garen komunikabideetan ere bai`.

Ingelesa jolasean ikasteko CD-ROMa

SPACE Search 2 CD-ROMak ingelesa jolasean ikasteko bidea jartzen die neska mutilei. Estralurtarrek kanpinean gaua pasatzen ari den lagun talde bat hartuko dute, espazioan galdu diren kide batzuk bilatzen laguntzeko. Lagun koadrila horrek froga batzuk pasa beharko ditu galdutako kideak erreskatatzeko; froga horiek dira neska-mutilek egin behar dituzten ariketak. Mota askotako ariketak dira, baina jolas bidez egitekoak guztiak. Epaimahaiak aho batez eman dio saria Space Search 2 CD-ROMari eta zenbait arrazoi azpimarratu dituzte (laburtuta):
Diseinuari dagokionean: oso bizia eta interaktiboa da, jarduera-aniztasun haundia du eta musikaren erabilera oso egokia da. Diseinu oso landua du eta irudien kalitatea goi mailakoa. Berritzailea eta ausarta juzgatu dute, eta erabiltzailea erakartzea lortzen duena.
Erabilpenari dagokionean: Haurrek CD-ROMaren erabilera ikertu egin behar dute eta hori oso egokia da adin horretan. Haurrak beren kabuz lan egitera bultzatzen ditu. Haurrek konturatu gabe ikasten dute hizkuntza, klikatuz eta gauzak bilatuz.
Hizkuntza eta irakaskuntzari dagokionean: Jarduera aniztasuna eta jolas entretenigarri asko dago. Haurrek esploratuz ikasten dute. Ikasleek beren aurrerapenak ikusteko aukera dute. Audioaren erabilera berritzailea da, bai karaokean eta baita diktaketetan ere.

Eskuragarri dago
CD-ROM honen salmenta asko igo da saria emango diotela zabaldu denetik, Ikastolen Elkarteak jakitera eman duenez. Norbaitek eskuratu nahiko balu, zenbait liburu dendetan bada. Ikastolen Elkarteko web gunetik ere eskuratu liteke eta baita Elkartera bertara deituta ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!