Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
1936ko udazkenean fusilatutako Julian Aristeguiren semeak eta ilobak sortutako dantza eta antzerki emanaldia, gaur eta bihar ikusi ahal izango da, goizeko 11:00etan eta eguerdiko 13:00etan.
FUSILATUEN omenezko ekitaldi ofiziala asteazkenean egin bazen ere, gai honen inguruan ekimen gehiago ere izango dira. Gaur eta bihar, esaterako, 1936an fusilatutako Julian Aristeguiren semeak eta ilobak sortutako dantza garaikide eta antzerki emanaldia ikusi ahal izango da, Chillida-Leku museoan. Emanaldiak gaur eta bihar izango dira, goizeko 11:00etan eta eguerdiko 13:00etan.
Emanaldi hasieran Julian Aristeguiren semeak, Jose mari Aristeguik, bere aita zenari buruz agur gutun bat irakurriko du. Segidan hitzek dantzari utziko diote sentimenduak adierazteko bidea, izan ere, bilobak, Mikel Aristeguik, dantza garaikide saio bat eskainiko du. Dantza saio horretan Jose Mari Aristeguik ere hartuko du parte.
Ikerketa
Udalak gerra zibila eta fusilatuen inguruko memoria berreskuratzeko hainbat ekimenetan parte hartzen ari dela azaldu du, Hernani 1936-2006 izeneneko programaren barruan. Programa honetan Hernaniko Udalarekin batean parte hartzen ari dira, Giza Eskubideetarako Foru Departamendua eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Saila.
Programa honen barruan Hernaniko Udalak ikerketa egitea eskatu zion EHUri, herrian hil zituzten guztien izenak eta beren ibilbideak ezagutzeko asmoz. Lan honek fusilatu zituzten pertsonetatik 128 identifikatzea ahalbideratu zuen. Izen horiek dira gaur egun hilerriko monumentuan grabatuta daudenak.
Udalak liburu bat
argitaratuko du
Aipatutako ikerketa horren haritik Udalak liburu bat argitaratuko duela aurreratu du. Mikel Aizpururen zuzendaritzapean, Urko Apaolaza eta Jon Odriozola hernaniarrak ari dira lanean, Hernaniko Udal artxibategiko Jesus Mari Gomezekin batean.
Liburuan herrian fusilatu zituzten pertsonen ibilbidea berreraiki nahi dute: zein girotan ibiltzen ziren, zein pentsaera politiko zuten, eta abar. Horretarako garai hartako prentsa aztertuko dute eta baita ahozko testigantzak jaso ere.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!