Gorengo taldeak Trintxerpe hartuko du gaur Zubipen, 16:30etik aurrera. Joan den asteburuan Zarautzen porrota jaso eta gero, garaipenaren bidea hartu nahiko dute berriro zuriberdeek, liderrarenganako tartea zabaldu ez dadin. Zuriberdeak bigarren daude orain sailkapenean, Tou-ring hirugarrenarekin berdinduta, Zarautz liderrarengandik sei puntutara. Trintxerpe 12garren dago sailkapenean, 11 punturekin, hernaniarrek baino 5 gutxiago.
Zubipen partidu gehiago
Infantil txikiak ere Zubipen jokatuko dute, gaur 11:00etan, Egiako Kostkasen aurka. Emakumezkoen F-11 kadeteak infantilen ondoren jokatuko du Intxaurdiren aurka, 12:30ean. Bihar, emakumezko ligako taldeak Vasconia hartuko du 10:30etik aurrera, ligako 2garren itzuliko lehen partiduan. Lehen itzulian galdu egin zuten talde horren aurka, baina oraingoan ezingo dute hutsik egin, igoera faserako arerio zuzena baita Vasconia. Lehenengo mailako jubenilak ere bihar jokatuko du Amara Berriren aurka, 12:15ean. Talde hau lider dijoa, jokatutako 8 partidutatik 7 irabazi eta bat berdinduta. Lehenengo itzuli harrigarria egin dute eta gaur hasiko dute bigarrena.