Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak antolatu du. Astebeteko gose grebari ekingo diote eta mobilizazio ezberdinak antolatu dituzte Hernani, Andoain, Lasarte, Usurbil eta Astigarragan.
AMNISTIAREN Aldeko Mugimenduak antolatuta, bihar iritsiko da Hernanialdera Euskal Herria zeharkatzen ari den ekimen ibiltaria. Ekimenaren barruan, besteak beste, astebeteko gose greba egingo dute Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideek. Mobilizazioz betetako hasteari eta gose grebari bihar emango zaio hasiera, eguerdiko 12:30ean Tilosetan.
Aste guztian Lasarte, Usurbil, Andoain, Astigarraga eta Hernanin izango dira mobilizazioak eta herritar guztiei dei egin nahi diete.
Presoen eskubideak aldarrikatu eta konpromisoak biltzea helburua
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak azaldutakoaren arabera, ekimen honen helburua da presoen eskubideak defendatu eta hauek betetzea aldarrikatzea. Aipatu dutenez, bereziki, gaixo dauden presoak eta kalean behar luketen presoak izango dituzte gogoan aste honetan: ´gaixo dauden presoen eskubidea betetzea eta ondorioz, hauek kaleratzea; eta kondena beteta duten presoak kaleratzea aldarrikatuko dugu bereziki`.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak emandako datuen arabera, Hernanialdeko 11 presok kalean behar luteke: Lasarten seik, Usurbilen bik eta Hernanin hiruk. Inma Noble, Pakito Lujanbio eta Araitz Zubimendi dira hiru hernaniar horiek.
Iñaki de Juanaren kasua,
muturrekoa
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Iñaki de Juana presoaren egoera ere salatu nahi izan du; bere hitzetan, egoera guzti honen muturreko kasua da Iñaki de Juana presoa bizitzen ari dena.
Espetxe politika honek helburu jakin bat duela azpimarratu du mugimenduak: ´presoen kolektiboa suntsitzea, presoak psikologikoki hondoratzea eta presoen izaera politikoa ukatzea. Izaera politiko hau ukatzearekin, gatazkaren izaera politikoa ukatu eta irtenbide politiko eta demokratiko bati ateak zuzen-zuzenean ixten dizkiote Frantziako eta Espainiako estatuek.
Mobilizazioak
Azaroak 12, igandea: GOSE GREBA HASIERA, eguerdiko 12:30ean, Tilosetan.
Azaroak 13, astelehena: Kontzentrazioak. Arratsaldeko 19:30ean, Astigarragako plazan. Arratsaldeko 20:00etan Andoaingo plazan. Arratsaldeko 20:30ean hitzaldia Andoaingo Irunberri elkartean.
Azaroak 14, asteartea: Hitzaldia Usurbilen, arratsaldeko 20:00etan kultur etxean.
Azaroak 15, asteazkena: Mahai ingurua Hernanin, arratsaldeko 19:30ean, Biteri kultur etxean.
Azaroak 16, osteguna: Kontzentrazioa, arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara, Hernaniko azokan. ESKUALDEKO MANIFESTAZIOA, arratsaldeko 20:00etan, Lasarteko udaletxe aurretik aterata.
Azaroak 17, ostirala: Kontzentrazioa arratsaldeko 20:00etan, Zinkoenean.
Azaroak 18, larunbata: GOSE GREBA AMAIERA. Arratsaldeko 17:30ean MANIFESTAZIOA Hernaniko udaletxe paretik.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!