Zaharren egoitza haunditu eta egokitzea bideratuta

Kronika - Erredakzioa 2006ko aza. 10a, 02:00

Atzoko plenoan adjudikatu zuten obra. Horrez gain beste 8 puntu eztabaidatu ziren. Gobernu batzarra ere atzo izan zen.

Atzo udaletxean izandako plenoan, Maria Madalena zaharren egoitza haunditze eta egokitzea bideratu zuten, obra Construcciones Amenabar enpresari adjudikatuta. Enpresa hau izan da aurrekontu merkeena aurkeztu duena, egin beharreko lanak 4.189.014,56 eurotan baloratuta. Irailaren 22an Foru Aldundiak eta Hernaniko Udalak sinatu zuten lankidetza hitzarmenari esker, egoitza berritzeko lanak bi erakundeen artean finantzatuko dituzte, %75 Aldundiak eta %25 Udalak. Atzo plenoak adjudikazioa onartu eta gero, enpresak eta Udalak kontratua sinatuko dute datozen egunetan. Behin sinatu eta gero, 18 hilabeteko epea aurreikusi dute obra bukatzeko. Obrarekin, zaharren egoi- tza legedira egokitu nahi dute. 35 banakako gela eta 38 binakako gela jarriko dituzte, hiru lagunentzakoak kenduta eta gelek egokitutako bainugelak izango dituzte. Horrez gain, eguneko zentroa haundituko dute, 50 lagunentzako tokia izateraino, eta 2 unitate psikogeriatriko izango ditu egoitzak.

AHMERi lokala

AHMER elkarte multikulturalari lokala uztea ere adostu zuen plenoak. Lokalak 17 metro koadro ditu eta Latsunbeko 42 zenbakian dago, Traspakarren, lehengo haur eskolan.

Gobernu batzarra

Udaleko ordezkariak ere bildu ziren atzo Gobernu Batzarrean eta bertan Santa Barbarako Arrigoainpea zonaldeko berrurbanizazioa adjudikatu zioten Otegi-Gaztañaga enpresari. Berrurbanizazioak hiri altzariak berritzea dakar. Batzarrean Haur eskolako jangelako tarifak eta Emaku-meontzako tailerren eta ikastaroen salneurria adostu zituzten, aho batez.

Hirigintza batzordea

Hirigintza eta Ingurumen batzorde informatzaileak ohiz kanpoko bilera egingo du gaur 13:00etan. Bertan sei puntu eztabaidatuko dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!