URRETXA mikologia elkarteak Landetara irteera antolatu du, perretxikotara. Irteera azaroaren 18an izango da goizeko 07:00etan, eta arra-tsaldeko 18:00etarako egingo dute buelta. Elkarteak jakinarazi du izena azaroaren 13 eta 14an eman behar dela, elkartean bertan arratsaldeko 20:00etatik 20:30era. Elkartea Kale Nagusiko 6garren zenbakian dago.
Perretxiko aniztasuna
Urretxa mikologia elkarteak adierazi duenez, Leon aldeko basoetara joatea da asmoa. Bertan pinua eta urkia aurkitu daiteke eta eremu erabat laua da. Irteeraren helburua da beste perretxiko mota batzuk ezagutzea, izan ere, bertan aniztasun haundia dago. Urtero pare bat irteera antolatzen ditu Urretxak helburu honekin. Perretxiko denboraldi hasieran, udaberrian, Soriara egin zuten irteera.
Bosgarren argazki lehiaketa
Irteera, batez ere, aurtengo mikologia jardunaldien barruan antolatutako argazki lehiaketa dela-eta antolatu dute, bertako partaideek beste perretxiko mota batzuk argazkitan jaso ditzaten. Argazki lehiaketako karreteak dagoeneko banatuta daude eta azaroaren 27 eta 28an itzuli behar dira, elkartera bertara, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Argazkiak abenduaren 13, 14 eta 15ean proiektatuko dituzte, Biterin. Sariak 15ean emango dituzte, arratsaldeko 21:00etan.