Elkarteen arteko mus txapelketa martxan da berriro. Her-naniko elkarteetako ordezkariak, enbidoka eta ordagoka dabiltza joan den astelehenetik Elizatxo elkartean, han hartu baitu ostatu txapelketak aurten. Aurtengoa 22garren edizioa da eta Peña Otaño elkarteak defendatuko du txapela, iaz garaile atera baizen Etxeberriko Lagun Artean egin zen txapelketan. Txapelketa honetan 22 bikotek hartuko dute parte; bina bikote izango dira Goiz Eguzki jubilatuen etxea eta Hernaniko 10 elkarte hauek ordezkatzen: Peña Otaño, Santa Barbara, Ur-Mia, Gure Txoko, Elur Txori, Karobi, Xalaparta, Elizatxo, Txantxangorri eta Etxeberri. Parte hartzen duten bikoteak bere elkarteko mus txapelketako txapeldunak eta azpitxapeldunak izan ohi dira.
Partidak, astelehenetik ostegunera arte
22 bikoteak 4 taldetan banatuko dira, bi seikoak eta bi bostekoak, eta ligaxka moduan hasiko dute txapelketa, taldeko bikote guztiak elkarren aurka jokatuta. Partidak astelehenetik ostegunera jokatuko dituzte, 21:00etatik 22:00etara, azaroaren 16ra arte. Egun horretan bukatzekoa da hasierako ligaxka. Ligaxka bukatzean, talde bakoitzeko bi bikote hoberenak egingo dute aurrera, final zortzirenetara. Kanporaketa honetatik lau bikote geratuko dira, eta hurrengoan, final erdietan, bi finalistak.
Peña Otaño, iazko irabazlea
Aurtengo edizioan Peña Otaño da gainditu beharreko elkartea, beraiek irabazi baitzuten 2005eko txapelketa. Etxeberriko Lagun Artea elkartean jokatu zen eta finalean Peña Otañoko Luis Perez eta Juan Sagarnak Karobiko Mikel eta Jose gainditu zituzten. Luis eta Juan iazko txapeldunek aurten ere hartuko dute parte, txapela berriz jazteko asmoarekin.