Adina, gaixotasuna edo ezintasuna eta mendekotasuneko egoeran egon direnei laguntza eta harrera ematea emakumeen lana izan da betidanik, eta horren trukean ez dute inoiz inolako saririk jaso. Zainketak behar dituzten pertsonak ingurukoen laguntzaren menpean daude, edo bizitzan bildutako aurrezkien kontura merkatuan eros ditzaketen laguntza-zerbitzuen menpean. Hori horrela, ez dira oso apartekoak babesik gabe geratzen direnak. Gizarte-arazo horiei berehala heldu behar zaie modu orokorrean. Zainduta izateko eskubidea eskubide unibertsala da, eta ez salerosketa bat. Ezin da negoziorik egin, ez bada kalitate txarra eskaintzen, edo erabiltzaileei gehiegizko prezioak kobratzen, edo zaintzaileak zapaltzen. Horrela, emakume taldeok, sindikatuok eta hainbat elkartek, mendekotasuneko egoeran daudenei laguntzeko zerbitzua Euskal Sistema Publikoan sartzeko errebindikazioa egiten dugu, den-denok daukagu eta zainketak jasotzeko eskubidea. Zerbitzuaren printzipioak honako hauek izango lirateke: -Zerbitzuak nahikoak, anitzak, kalitatezkoak izateaz gain zerbitzu publikoa eta unibertsala ere izatea; zergak arintzeko bestelako neurrien partez, edo zuzeneko dirulaguntzen ordez, azpienplegua sustatzen baitute, eta diru publikoa esku pribatuetara aldatzen baitute. -Lanbide-titulazioaren ondorioetarako, horrelako lanak lehenago eman izana kontuan hartzea. -Lan, kultura, gizarte eta hezkuntzaren arloetan za-balkunde-neurriak sustatuko dira etxe-laguntzako lana ezkututik agerira ateratzeko, eta baloratua izateko. Bestalde, gizonek zainketa-lanetan parte hartzeko konpromisoa ere, dagokien heinean, sustatu behar da, eta emakumeentzako esparru itxia delako irudi hori, gure kulturan hain erroturik egon dena, betiko erauzi. Hernaniko Berdintasun Kontseilua bat dator errebindikazio hauekin eta datorren azaroaren 11n, larunbata, goizeko 12:00etatik arratsaldeko 14:00etara Plaza Berrin, sinadura bilketan parte har dezazuen gonbidatu nahi zaituzte.
Irantzu Jauregi
Hernaniko Berdintasun Kontseilua