Maria Madalena Zaharren Egoitzako kideek dibertitzeko aukera izango dute gaurtik hasi eta igandera arte. Udazkeneko ekitaldiak zikloaren barruan, hainbat ekitaldi dituzte eta antolatuta. Gaur, Idiazabalera egun osoko irteera egingo dute, goizeko 10:30ean aterata. Gaztaren museoa ikustera joango dira eta bertan gazta nola egiten den ikusiko dute, probatzeaz gain. Ondoren, Olaberrian bazkalduko dute. Bihar, berriz, goiz eta arratsalde izango dute denbora pasa. Goizean, punteria lantzeko ariketa aproposa daukate, toka txapelketa, alegia. 10:30ean izango da eta oso harrera ona izaten omen du. Baina antolatzaileen esanetan, arrakasta handiena duen ekintza bingoa da, arratsaldeko 17:00etan izango dena. Azaroaren 12an, larunbatean, merienda berezia izango dute, txokolatada eta txurroak dauzkate eta prestatuta 17:00etan. Aitzaki ederra arratsaldea elkarrekin pasatzeko. Udazkeneko ekitaldiak igandean bukatuko dira argazki proiekzioarekin. Arratsaldeko 17:30ean, Madalenetako eta udaran egindako irteeretako irudiak izango dituzte ikusgai. Proiekzioarekin udarari agurra eta udazkenari ongi etorria eman nahi diote. Ekitaldiak erresidenteei zuzendutakoak dira, eta txokolatada eta argazki proiekziora familiarrak ere gonbidatzen dituzte.