Hernanin fusilatutakoen omenezko monumentua inauguratu zuten atzo, 70 urteren ondoren

Kronika - Erredakzioa 2006ko aza. 9a, 02:00

GERRA Zibilean Hernanin fusilatu zituztenen omenezko monumentua inauguratu zuten atzo hilerrian, Udaleko, Diputazioko eta Eusko Jaurlaritzako agintariak eta fusilatutakoen senitarteko asko eta asko bertan zirela. Goizeko 11:30ak inguruan harrera ekitaldia izan zen udaletxean eta eguerdiko 12:00etan, hasi zen hilerriko ekitaldia. Karpa haundi batean hitz egin zuten Joxan Rekondo Alkateak, Jose Maria Gamboa Bidasoa elkarteko ordezkariak, Joseba Azkarraga Justizia Sailburuak, Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak eta Andoni Lekuona eta Jon Onaindia fusitatuen senitartekoek, Jon Odriozolaren sarrera eta aurkezpenarekin. Ondorenean, Carlos Lopez de Ceballosen Argi Hormak monumentuaren inaugurazioa egin zuten, eta senitartekoek lore eskaintza egiteko aukera izan zuten.

´Bizi garenak gara hildakoen ahotsa`
Joxan Rekondo alkateak hartu zuen aurrena hitza eta Ondarretako espetxetik atera eta ehundaka lagun Hernanin nola fusilatu zituzten azaldu zuen. Rekondok azaldu zuen erabaki hura hotzean hartutakoa izan zela: ´ez zen psikopata batzuen lana izan, Euskal instituzioen eta errepublikaren kontra hotzean hartutako erabakia izan ziren fusilamendu haiek`. Hildakoei duintasuna eman behar zaiela azpimarratu zuen eta horretarako ´bizi garenak gara hildakoen ahotsa`esan zuen, aita Onaindiaren hitz batzuek gogoratuz.

Ofizialki gogoratu
Joseba Azkarragak esan zuen, garaia dela fusilatuak ofizialki gogoratu eta familiei duintasuna bueltatzeko, ´Euskal Herriko gizartearen biktimak baitira`. ´Gupida gabe hil zituzten, baina erregistroetan ez ziren azaldu, heriotza ere hil nahian. Hiltzaileek krimen hori izkutatu nahi izan zuten, egunen batean kriminal moduan azalduko zirelako` azpimarratu zuen.

´Memoria lurperatu nahi izan zuten`
Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak azpimarratu zuen horretan saiatu arren ez dutela lortu ´memoria kuneta zuloan edo fosa komunetan lurperatzea`, eta onarpen publikoa egin behar zaiela ´herri honen askatasun eta demokraziagatik borroka egin zuten haiei, bakean bizi eta bakean erabakitzeagatik borroka egin zuten haiei`. Bake prozesua ere gogoan izan zuen Ibarretxek eta esan zuen itxaropentsu dagoela ´arazoak arazo` aurrera aterako dela eta azpimarratu zuen hori litzatekeela ´fusilatu haiei egin litekeen omenaldirik onena, besteak beste beraiei zor diegulako`. Gauzak gogoratzea ezinbestekoa dela ere esan zuen Lehendakariak ´elkarbizitza eraikitzea iraganari buruzko irakurketa kritikoa egitea baita, amnesiatik ezin baita herri bat eraiki`.

Ahaztu ez den mina
Atzo, fusilatuen senitarteko asko eta asko bildu zen Hernanin eta negarra gertu izan zuten askok, 70 urte luzetan falta izan duten senitartekoa gogoan. Maite Lardinek salatu zuen ´partidu guztiak gaizki portatu direla` orain arte eta fusilatuak Francoren biktima moduan errekonozitu eta erregistro zibilean desagertu moduan beharrean fusilatu moduan jarri behar direla ´behingoz`. Komunikabideei beren egoera azaltzera inguratu zirenak ere bat baino gehiago izan ziren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!