Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak inauguratuko du gaur Argi Horma lana, 1936an Hernanin fusilatu zituztenen oroimenezko munumentua. Ekitaldia eguerdiko 12:00etan izango da, hilerri aurrean, eta bertan erakundeek babesa azalduko diete Hernanin fusilatu zituzten 128 lagunen senitartekoei. Fusilatuen izenak biltzen dituen monumentu aurrean lore eskaintza bat ere egingo dute, eta ondorenean, familia bakoitzari eskulturaren erreplika bat emango diete, ekitaldiko oroigarri modura. Lehendakaria eta fusilatuen senitartekoez gain, ekitaldian izatekoak dira Joxan Rekondo Alkatea; Joxe Juan González de Txabarri Diputatu Nagusia; Joseba Azkarraga Justizia Sailburua; Mari Carmen Marín Giza Eskubideetarako Foru Diputatua; eta Jose Maria Gamboa omenaldiaren sustatzaile den Bidasoa elkarteko ordezkaria.
Antzerki-dantza eta harrera ofiziala
Gaurko ekitaldiei hasiera, emango die Ezustekoa. La vida es algo inesperado dantza eta antzerki obrak, Biterin, goizeko 11:00etan. Aita galtzen duen familia baten sufrimendua irudikatzen du lanak, eta Julian Aristegi frankistek Hernanin fusilatu zutenaren benetako bizitzan dago oinarritua. Barne-barneko sentimenduak azaleratzen dituen obra hau Julian zenaren semeak, Jose Mari Aristegik eta Mikel Aristegi bilobak interpretatzen dute, batek dantzan eta besteak antzezten. Antzezlana ikustera joaten den jendearentzat autobusa izango da eguerdirako hilerrira joan ahal izateko. Goizeko 11:25ean, berriz, harrera ofiziala izango da Udaletxean.
Trafiko mozketa
Gaurko ekitaldiak direla eta, hilerri aurreko Ansorena Anaiak kalea autoentzat itxita egongo da gaur iluntzera arte. Horrez gain, Gudarien plaza zamalanetarako itxita egongo da 10:00etatik eguerdi partera (gero 15:00ak arte irekiko dute) eta Urbieta kalea kanpotik datorren jendeak aparkatzeko gordeko da.