Noticias de Gipuzkoa egunkariak Jorge Napalen izenean urriaren 22an ateratako notiziaren inguruan desadostasunak.

Kronika - Erredakzioa 2006ko azaroaren 7a

Joxe Alkorta naiz Brasilgo Rio de Janeiroko CCPL komunitatean bizi dena. Ez dakit ez nituen gauzak ondo azaldu, ez zidan ulertu edo nahita egin zuen. Nire intentzioei ez zien kasorik egin, nire eskaera eta erreguei, nik zabaldu nahi nuen mezuak zer behar zuenari: Euskal iritzi publikoaren aurrean salatu CCPLko komunitateak bizi duen egoera. Ez nuen inoiz nahi izan (eta hala azaldu nion) bizilagunen, poliziaren, eta hango protektore eta gertatzen den guztiaren erantzule diren beste sektore baten irudi ezkorrik ematerik. Argi utzi nuen beren eta beren egoeraren inguruan errespetuzko irudi bat eman behar genuela. Batzuk nahiz besteak beren jokaeraren azken erantzule dira, eta bizi duten egoeraren azken erantzule. Nik hala azaldu nion, eta ulertu zuela pentsatu nuen, eta baldintza horrekin egin zen elkarrizketa, (eta agurtzearkan errepikatu egin nion). Ez dakit irakurleak notizia honetatik zein ondorio atera izango dituen, baina badakit nirea. Inondik inora ez da nire asmoa polizia korrupto moduan salatzea, eta nire bizilagun eta lagunak (beraietako asko hala baitira) sexoan bakarrik pentsatzen dutela esatea, edo drograzaleak eta mozkorrak direla. Diozu mafia nahi eran ibiltzen dela eta hiltzaile moduan tratatzen dituzu. Ez duzu inondik inora azaltzen, sexuaren, lapurretaren, drogen edo alkoholaren bidea hartzen badute, inork ezer hobea egiteko aukerarik eman ez dielako dela. Horrez gain esan nuen eta esaten dut, ez dudala protagonismo pertsonalik nahi, ez prentsan, ez irratian eta ez beste inongo komunikabidetan. Jakitea nahi dudana da arazoa han dagoela, munduko beste hainbat lekutan (gehiegitan) bezala, eta beraz, galdetu behar duguna da, zergatik sortu ziren, zergatik dauden eta denboran txartzera zergatik egingo duten. Guk ´lehen mundukook` horren kontzientzia hartu eta lan egin behar dugu. Hala ez bada, ezingo ditugu, ez gaur eta ez bihar, beren ekintzengatik salatu. Esplotazioko 500 urte igaro dira. Beren aberastasunak ostu dizkiegu; ezjakintasun haundienean mantendu ditugu; egunerokoan engainatu ditugu eta gure limosnatik bizitzera behartu; eta gaur leporatzen diegun horretan, babesten erakutsi diegu eta horretara bultza ditugu. Nahikoa da hainbeste hipokresia eta beste aldera begiratzerekin. Nik ez dut eskua burutik pasa eta zer jende gaixoa! esanda gelditu nahi. Badakit oso gutxi lagundu diezaiekedala, baina hala ere saiatuko naiz egiten, ahal dudan artean eta iristen naizen puntura arte. Joxe Alkorta Aranburu
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!