Batzarraren helburua hezkuntza komunitatearen ekarpenak biltzea zen.
EHBEk (Euskal Herriak Bere Eskola) taldearen ekarpenak azaldu zituen herenegun Biterin, Hezkuntza plazara! ekimenaren barruan egin zen batzar informatiboan. EHBE herriz herri ari da batzarrak egiten eta horren helburuak hezkuntza errealitatea aztertzea, proposamen ezberdinak kaleratzea eta hezkuntza komunitate osoaren (ikasle, irakasle, guraso zein herritarrak) ekarpenak biltzea du helburu, urtarrilean Altsasun egingo den III. nazio mintegian ekarpenak plazaratu eta taldearen ildoa aberastu eta sendotzeko. Biteriko batzarrean hainbat irakasle eta herritarrek hartu zuten parte; EHBEk egindako ponentziatik puntu batzuk jarri zituen mahai gainean eta horren inguruan eztabaidatu zuten joandakoek, euskal curriculuma hartuta gai nagusi bezala eta Euskal Herriak bere hezkuntza sistema propioa izatea helburu hartuta. Hernaniko ikastetxeetan lantzen diren ereduak eta haurren euskalduntzean duten arrakasta eza nabarmendu zuten. EHBEko kideak adierazi zuenez, egungo hezkuntza ereduek hiru haurretatik bat euskalduntzen dute EGA baino baxuago den maila batean. Baita ere, adierazi zuen gaur egun estatu espainiarraren menpe dagoela Euskal Herriko ikastetxeetan landutako curriculumaren %55, eta %45 Eusko Jaurlaritza eta ikastetxearen menpe.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!