Udalak bi igogailu jartzeko asmoa du, RENFEko apeaderotik hiriguneraino, atzo Iñaki Arratibel Hirigintza zinegotziak aditzera eman zuenez. Neurri horrekin Udalak trenaren erabilera haunditu nahi du, ´herriko merkataritzaren erakargarritasuna ho-betzearekin batera`. Hasieran, eskailera mekanikoak jartzeko asmoa zuten, baina ez zuten gurpil-aulkiko pertsonen erabilera ahalbidetzen eta igogailuen alde egin dute.
Igogailuak eta pasabidea
Igogailuak apeaderoa eta eskaileren hasiera artean dagoen gunean jarriko dira eta 22 metroko igoera egingo dute. Erabiltzaileak, gora iristean, 30 metroko pasabide bat zeharkatuko du eskaileren goiko sarrera ondora ateratzeko. Eskailerak bere horretan geratuko dira. Igogailu bakoitzak 18 lagunentzako edukiera izango du. Gutxiegi izan omen liteke trena gainezka etortzen bada, ´jendeak itxoin egin beharko du, baina denbora gutxi, igogailua azkarra baita`, zioen Arratibelek. Lanak 912.000 euro inguruko kostua izango du eta Udalak jakinarazi duenez, baditu horri aurre egiteko baliabide ekonomikoak. Obrak terreno jabe bati eragingo dio, baina Udala jada jarri omen da berarekin harremanetan: ´erdi akordio batera iritsi gara` esan dute. Igogailuek hartu beharreko bidean dauden plantano batzuk ere kenduko dituzte.
San Joanetarako agian
Plana obra batzordean onar-tzekoa zen atzo, eta espero dute 2007 hasierarako obra enpresa bati adjudikatzea. ´Ondo joanez gero, San Joanetarako bukatuta legoke` adierazi zuen Arratibelek.