Gatazkei Irtenbidea Bilatzeko tailerrak hasi ziren atzo Biterin, seme-alabak eskola adinean dituzten gurasoentzat. Geuz taldeko Maria Mendez hezitzailea da Hernaniko tailerrak emango dituena eta tailerraren funtsa azaldu dio Kronikari. Bere hitzetan, tailer hauetan ikasten da seme-alabak eta gurasoen arteko gatazkak beste modu batera konpontzen, gizarte honek eta inguruak erakusten ez duten modu batera, konfrontazioa oinarri hartu gabe. Tailerretan jendearen bizipenak hartzen dira kontuan eta adibide praktikoak erabiltzen dira. Gatazken aurrean erantzukizuna hartzen ikasi eta erakutsi behar dela dio Mendezek, eta zigorrean oinarritutako gaur egungo eredua aldatu.
Eredua jarri
Gurasoek konfliktoak konpontzeko bideak ikasten dituzte tailerretan eta seme-alabentzako eredua jartzen. Mugak nola jarri, agindu beharrean nola negoziatu, nola komunikatu eta abar lantzen dira tailerrean. Izan ere, familia ikasketen gune nagusietako bat da Mendezen hitzetan. Bi mailatan Bi tailer izango dira: oinarrizkoa, gaiean hasi berrientzat; eta aurreratua, aurretik parte hartu dutenentzat. Oinarrizko tailerrek gurasoek kontzientzia hartu dezaten balio dute eta abildade batzuk landuko dituzte. Negoziatzen erakutsiko diete: ´bai baitira negoziatzen diren gaiak eta negoziatzen ez direnak. Baina muga hori ez dugu guk zehazten, hori familia bakoitzaren kontua da`. Tailer aurreratuetan, aurreko esperientzia zer moduz joan zaien ikusiko dute eta aurreikusi zer gatazka gerta litezkeen. Anai-arreben arteko gatazketan gurasoen bitartekaritza gehiago landuko dute. Geuz taldeko kidearen hitzetan, etxean ikasitakoa zabaldu egiten da, eta oinarritik, gauzak aldatuta, ikasi liteke gatazkak modu egokiagoan konpontzen.
Lekuak libre
Hau da Maria Mendezek Biterin emango dituen tailerren zertzelada txiki bat. Dagoeneko jende dezentek eman du izena, baina tailer aurreratuetan inork gehiagok izena eman nahi badu oraindik tokia badela jakinarazi du hezitzaileak.