Kutsidazu bidea, Astigarraga

Kronika - Erredakzioa 2006ko aza. 6a, 02:00

Azkenaldian `Kutsidazu bidea Ixabel` guztion ahotan dabil filmaren estreinaldia dela eta. Bertan euskara ikasi nahian baserri batera joatea erabaki duen hiritar baten abentura xelebreen berri ematen zaigu. Euskaltegiko gure ikasleek ere badute euskara hitz egiteko nahia eta gogoa, baina obraren protagonistak ez bezala, beren herrian bertan horretarako aukera izan dezaketela uste dugu. Gure uste horretan zuen, herritarren, borondateak zer esan handia du, hau da, zuek izan zaitezkete AEK-ko ikasleei euskara hitz egiteko aukera eman diezaioketenak. Horretarako ez da gauza handiegirik behar, nahikoa da euskaraz hitz egiteko astean ordu erdi edukitzeaz gain, jendea ezagutu eta laguntzeko gogoa edukitzea. Edonon gera zaitezkete ikasleekin: euskaltegian, taberna batean, kaleko banku batean (neguan ez da gomendagarria)... Zenbaitetan ikasleak berak eramango du prestatutako gai bat edo beste, baina askotan gaia bere kasara sortuko da, hala diote behintzat aurrez ibili diren zenbaitek. Azaroaren 7an hasiko den kanpaina honetan parte hartu nahi izanez gero edo besterik gabe informazio gehiago eskuratu nahi baduzu Astigarragako euskaltegira dei dezakezu, 943557354 telefono zenbakira. Azaroaren 7an iluntzeko 7etan euskaltegira bertara azaltzea da beste aukera bat. Gogoratu, Euskal Herria euskalduntzea denon esku dago eta urrats esanguratsua izan daiteke honakoa; zure laguntza asko eskertuko dugu.
Eneritz Garmendia Ollokiegi, Astigarragako AEKaren izenean.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!