ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek dei egin diete papergintzako langileei gaur mobilizatzeko

Kronika - Erredakzioa 2006ko azaroaren 3a

Kontzentrazioa Miramonen izango da, eguerdian. Sindikatuek salatu dute enpresak uko egin dioela haiek egindako proposamenari.

kONTZENTRAZIOA izango da gaur Miramonen, Adegiren aurrean, Gipuzkoako Papergintzako lan hitzarmena dela eta. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Gipuzkoako Papergintzako langileei dei egin diete kontzentraziora joateko. Eguerdiko 12:00etan izango da. Sindikatuek funtsean, honako eskaera egin dute: 2 urteko iraunaldia duen hitzarmena, soldataren igoera (KPI+%1,8) eta lanaldiaren murrizketa (urtean 6 ordu). ´Eskaera enpresen posibilitatetara egokitu da` Sindikatuek prentsa ohar batean adierazi dutenez egindako proposamena ´langilegoaren beharretara egokitu da, eta baita enpresen posibilitateetara ere`. Azaldutakoaren arabera, proposamena enpresa guztien egoera ekonomikoa aztertu ondoren egin dute: ´batzuek zailtasunak dituzte, baina beste batzuek etekin ekonomiko garrantzitsuak dituzte eta horregatik gure aldarrikapenak eduki orekatu eta tartekoan kokatu ditugu` aipatu dute. Proposamen honen aurrean patronalaren erantzuna ezezkoa izan dela salatu dute sindikatuek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!