‘Villa Politena’n ostatua eta Santa Barbaran parkea egiteko asmoa du Udalak

Kronika - Erredakzioa 2006ko aza. 3a, 02:00

Obren adjudikazioa lehiaketara aterako du eta adjudikaziodunak bere gain hartuko du obren kostua. Ostatua egiteko 2-3 urteko epea izango dute; parkea egiteko ia hamar.

Udala operazio bat diseinatzen ari da Santa Barbaran parke berri bat eta Villa Politenan (Etxeberrin, lehen Langile Ikastolaren eraikina) ostatua eraikitzeko. Operazioa 2000. urtean Udalak aurkeztutako Plan Bereziaren eral-daketa bat da eta 2007ko apirila-maiatzerako adjudikazio lehiaketa irekitzea espero da. Bitartean, Plan Bereziaren eraldapena lehiaketara eramango dute eta ondoren Diputazioaren oniritzia jaso beharko du. Bideratze horrek lau eta sei hilabete artean iraungo duela adierazi zuen Andoni Amonarraiz Zerbitzu Publikoetako Batzorde buruak, atzo egindako agerraldian. Obraren adjudikazioaren lehiaketan, ostatu eta parkearen oinarrizko proiektuak azaldu beharko dituzte hautagaiek, eta baita ere, erabiliko diren metro kubikoen kopurua eta bakoitzean jarri beharreko elementuak (erretegia, mahaiak, seinaleak...). Behin obra adjudikatuta, harrobiko zuloa beteko du aukeratutako enpresak, 6-8 urteko tartean. Etxeberriko ostatua, berriz, betelana hastearekin batera hasiko dira eraikitzen, pare bat urtetan bukatuta izateko.

Obrak kosturik ez

Santa Barbarako jolas eta aisialdirako parkea eta Villa Politenako ostatuak Udalarentzat kosturik ez izatea aurreikusi dute. Udalak duen asmoa honakoa da: harrobiko zuloa inguruko obren hondakinez bete beharko da eta, obraren adjudikaziodunak kanon bat kobratuko die kanpoko obretatik datozen eraikuntza enpresetako kamioei, hondakinak botatzeagatik. Adjudikaziodunak, honela, kamioien ordain-sariekin kubrituko lituzke parkea eta ostatua eraikitzeko kostuak.

Sta. Barbaran luzerako lana

Santa Barbaran, harrobia dagoen lekuan, egin beharreko lanak luzerako joko du. Zuloa betetzea 6-8 urterako aurreikusi dute Udal arduradunek, eta parkea egiteko beste urtebete edo bi. Betelanaren helburua mendiko zati hori aseguratzea eta lehen zegoenaren antzera uztea da, baina lautadekin, azken hauek parkea jartzeko aprobetxatzeko. Eremua hiru guneetan bereiziko dute: aparkalekua, kirol gunea eta aisialdirako zonaldea. Eremu barruan bide bat egingo dute, bide gorri eta guzti, hiru guneak lotuko dituena. Bide horrek parkea Santa Barbarako bide nagusiarekin ere lotuko du.

‘Villa Politena’n ostatua

Adjudikaziodunak ostatua ere egingo du ‘Villa Politena’ dagoen lekuan, orain bertan dagoen etxea botata. Amonarraizen esanetan, ostatuak herriko hutsune bat beteko luke eta bere ubikazioa egokia da, tren geltokiaren gertutasunagatik. Ostatuarekin Donejakue bideko erromesei zein gazte eta familiei Hernani bisitatzeko au-kera berri bat eman nahi zaie.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!