Hernani, Andoain, Usurbil eta Donostiako ikastetxeetako 3. eta 4. DBH mailako gazteak lehian aritu ziren astearte goizean Tilosetan, euskal joko eta jolasak praktikatzen. Sokatiran, ingudean, tokan, ergometroan, bertsotan eta abar beren abilezia erakutsi zuten Urumea, Axular, Udarregi eta Aita Larramendiko ikasleek.
Euskal Soin Jardueraren barruan
Jaia Euskal Soin Jarduera ekimenaren barruan sartzen da, Ikasiker taldeak Gipuzkoako ikastetxeetan martxan jarritakoa, Kutxaren laguntzarekin. Ekimenak ikasleek euskal ohiturak ezagutzea bilatzen du eta horretarako soin jarduerarekin erlazionaturiko unitate didaktikoak lantzen ari dira ikasturte osoan. Hernanin Urumea ikastolak hartzen du parte ekimenean. Noizean behin lehiaketak egiten dituzte ikastetxe ezberdinetako ikasleen artean eta apirila aldera, final nagusia egingo dute irabazleen artean, nahiz eta Ikasikerren aldetik saiatzen diren emaitzak bigarren maila batean uzten.
Ikaspilota, 1994tik
Euskal Soin Jarduerak Ikaspilota ekimena du aurrekari, 1994an jaio zena. Hasieran, ikastetxeetan pelota bultzatzeko jaio zen eta gero jarduera joko eta jolas gehiagorekin zabaldu dute. Beste probintzietan Xibak lantzen ditu antzeko ekimenak.