Hilerriak lore eta bisitari asko hartu zituen atzo Santu Guztien Egunean

Kronika - Erredakzioa 2006ko azaroaren 2a

Santu Guztien Eguna izanik, jende asko gerturatu zen atzo hilerrira, hildako senide eta lagunei bisita egitera eta, kasu gehienetan, loreak eramatera. Goizeko euriak ez zuen galerazi hilerrian jende mordoa bildu izana eta asko izan ziren goiz-goiz joan zirenak, ordu horiek ematen duten lasaitasuna aprobetxatuz. Hala ere, jende gehienak eguerdi aldera egin zuen bi-sita, ateri zela, eta 12:00ak aldera jende eta kotxe pilaketa nabarmena zen hilerrian eta inguruetan. Aurten, gainera, hilerria berrikuntza garaietan aurkitzen da, eta hori dela eta, hilerrira joandako askok obren egoerari begirada bat emateko aprobetxatu zuten. Jende asko somatzen zen berrikuntzei buruz hitz egiten eta haiek eragindako ´nahasmena` eta lurreko hondarrari buruz ere bai.

Lore salmenta ona
Santu Guztien Egunean hilerrira loreak eramateko ohitura zaharra mantentzen da eta atzo eta herenegun loradendak gainezka egon ziren. Baina ez dendak bakarrik. Plazako barazki eta lore merkatutik makina bat jende pasa zen atzo eta horrela zioen saltzaileak: ´35 urte daramazkigu lan honetan. Atzo (asteartean) eta gaur artean 1.000 bat tiesto eramango zituzten, baina lehen gehiago saltzen genuen`. Dioenez, gazteak ez diote usadioari heltzen, ´konparaziorik ez dago! Jende zaharrak mantentzen du ohitura`. Tradizioz Kanposantulorea deitu izan zaiona ez omen dago bere onenetan: ´Krisantemoa galtzen ari da. Krabelinak saltzen dira gehien, batzuetan margaritarekin nahastuta`. Horiek ez dira, hala ere, dauzkaten lore bakarrak; larrosak, liriumak edo gladioloak ere badituzte. ´Lore mota gehienak Bartzelonatik ekartzen ditugu, baina gladioloak eta krabelinak hemengoak dira`.

Joera berriak
Ehorzketa kontuan ere bada aldaketarik azkenaldian. Gero eta gehiago omen dira gorputzak errausteko erabakia hartzen dutenak. Joera berria dela eta, Udalak ez ditu oraingoz nitxo eta panteoi gehiago egingo hilerrian eta baliteke, berrikuntzako 2. fasean errautsak gordetzeko kolunbarioa egitea. Hala ere, jendearen joera ikusi nahi du erabaki aurretik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!