Txabolatik Gaztetxera
Datorren azaroaren 4an 18:00etan Tilosetan ospatuko den asanblada dela eta gogoeta egin nahi genuke: Hernanik galdu du garai batean borrokarako zuen grina. Antza, Ongizate estatua delakoak irentsi ditu gizarte mugimenduak (nahiz ez den-denak). Desmobilizazioaren aroan bizi gara, instituzioak gu kontuan hartu gabe hartzen dituzte erabakiak. Beraiek antolatzen dute gure herria eta beraiek erabakitzen dituzte gure lehentasunak.
Errealitate honek gazterian eragin berezia duela diogu, izan ere geure indarraren kontzien-tzia jabetasuna galdu dugu gazteok. Gure egoera betikotzen duten konformismoan eta errutinan murgilduta aurkitzen gara, ihesi egin ezean. Apatiaz hartzen dugu egunerokotasuna: etxebizitzen espekulazioa, lan baldintza eskasak, indar polizialen (instituzioek ezarritako ordena inposatzen dutenak) probokazioa... Horregatik inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu gaztetxe baten sorrera: gazte koadrilak tabernetan edo lokaletan daude sakabanaturik, indibidualismoa hedatzen ari da gure artean. Herria kontsumorako espazio bat baino zerbait gehiago da, kaleak ez dira zentro komertzial bateko pasillo hotzak. Gauak sortzen duen inkontzientzia kolektiboari ihes egin behar diogu eta kaleak berreskuratu behar ditugu argitan. Gizarteko abangoardian bilakatu behar gara gazteak, geu gara etorkizuna eta guk daukagu gauzak aldatzeko haina ilusio eta indar. Lan horretan tresna bikaina iruditzen zaigu Gaztetxea: gune fisiko bat gazteak eta ez hain gazteak batuko dituena, esparru libre bat sortzeko autogestioan eta burujabetzan. Pasa den ekaina amaieran Gazte Txabolaren alde sortutako izpirituari heldu behar diogu, orduan bildutako jendetzaren indarrak berreskuratu behar ditugu. Gure antolaketak eta burutapenek egonezina sortzen diete instituzioei eta horretaz baliatu behar gara. Guk badugu alternatibarik, guk badugu bestelako gizarte bat eraikitzeko eredurik, eta hori jarri nahi dugu Gaztetxean martxan.
Borroka horien jarraipen-hasiera baino ez da izango azaroaren 4an arratsaldeko 18:00etan denon artean idatziko duguna Hernanin. Dardarka jarri daitezela!
Iker Blas Mendoza