Udalak bandera gorriak jarriko ditu gorotzak dauden berdeguneetan

Kronika - Erredakzioa 2006ko urr. 31a, 02:00

Udal langileek bandera gorria jarriko dute gorotza aurkitzen duten berdeguneetan eta ez dute belarra moztuko.

Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, Andoni Amonarraizek, zakur gorotzen kontra jarritako kanpaina baten berri eman du. Jakinarazi duenez, bandera gorriak jarriko dituzte gorotzak aurkitzen diren berdeguneetan. Lehenengo fasean Atarrabiyo parkea, atletismo pista ingurua eta hiriguneetako lorategietan hasiko dira bandera gorriak jartzen.

Funtzionamendua

Andoni Amonarraizek azaldu duenez, Goroldiko langileek belarra moztuko dute aipatutako guneetan eta txakur gorotz bat aurkitzen dutenean bandera gorri bat jarriko dute eta leku horretan ez dute belarra moztuko. ´Horrela hobeto bereizi ahal izango da aurkikuntza eta jendeak urrutitik ikusi ahal izango du. Gainera frogatuko da belar eta lore artean ezkutatuta gorotz kopuru haundia geratzen dela`.

Kanpainaren helburua

Kanpainaren helburua da adin guztietako herritarrek udalerriko gune berdeetaz hobeto gozatu ahal izatea: ´garbitasuna mantentzeaz gain, txakurren jabeak kontzientziatuko dira gorotzak beraiek jasotzen ez badituzte, lorazainek edota garbiketa taldeak jaso behar dituztela eta haienganako errespetuz, beraiek jaso behar lituzketela` dio zerbitzuetako zinegotziak. Horrez gain, zinegotziak aipatu du honek ez duela esan nahi debekatuta dagoela gune berdeetara txakurrekin joatea, ´beti ere lotuta badoaz eta jabeek txakurren gorotzak jasotzen badituzte` nabarmendu du, ´arazoa da jendeak exijentzia horri kasurik ez diola egiten eta ondorioz etxe atarien alboetako lorategiak edota atletismo pista inguratzen duen gune zabala gorotzez betetzen dela`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!