«Kanta bakoitza momentu ezberdin batean sortu dut, momentuko sentsazioen arabera»

Kronika - Erredakzioa 2006ko urr. 31a, 02:00

GARBIÑE Insausti abeslari eta aktore hernaniarrak bere aurreneko diskoa kaleratu berri du: ‘Ibilian’. Garbiñek 15 bat urte zituenetik jotzen du gitarra eta kantuak osatzen ere orduan hasi zen. Antzerki ikasketak zirela-eta musika zertxobait alboratua zuen, baina berriro ere ekin dio bideari. Diskoa kaleratu aurretik Pariseko kale eta zubietan aritu da kantari.

Nolatan sortu zen aukera diskoa grabatzeko?

Etxean ordenagailuarekin grabatutako maketa bat bidali nuen disketxeetara. Oso maketa xumea zen, etxeko baliabideekin egindakoa. Sei abesti bidali nituen, ahotsa eta gitarra espainola grabatuta. Hirusta disketxetik, Mikel Errazkinek e-mail bat bidali zidan handik hilabeetara. Nere maketarekin zeozer interesgarria egin zitekeela komentatu zidan. Egia esan ez nuen espero, eta asko poztu nintzen, badaezpada bidali bainituen maketak.

Orain diskoa osatu duzu, zein diferentzia dago bidali zenuen maketa hartatik diskora?

Abestien esentzia mantentzen da, baita melodiak ere. Mikel Errazkinek egindako arregloek asko aberastu dituzte abestiak, kolore gehiago dute. Abesti batzuek jarraitu dute oso intimistak izaten, gitarra eta ahotsarekin bakarrik. Mikel Errazkinek, arregloez gain, teklatua ere sartu dio eta beste kolaborazio batzuk ere izan ditut: Igor Telletxea (bateria); Mikel Andueza (saxoa); Urbil Artola (dobroa), Raul Garcia (armonia); Alaitz Telletxea (akordeoia); Oihana Lekuona (koroak) eta Amets Sanchez (txeloa).

Estilo aldetik, zer aurkituko du entzuleak zure diskoan? Ze musika entzuten duzu?

Niri zaila egiten zait nire musika zein estilokoa den esatea. Esaten dutenez, pop melodikoa da, jazz ikutu batekin. Kantautoreen estiloa ere somatzen da eta baita country amerikarrarena ere.

Eta abestiek zertaz hitz egiten dute?

Momentu ezberdinetan izan ditudan sentsazioak azaltzen dira. Madrilera antzerkia ikastera joan eta agurtu behar izan nituenetaz hitz egiten du batek; aiton-amonen heriotzaren aurrean egin nuen omenaldi txiki bat da bestea... Horrez gain, konturatu naiz badudala gai bat abesti ezberdinetan errepikatzen dena: bideaz hitz egiten dute, norbere lekua aurkitzeaz.

Frantzesez, ingelesez eta euskaraz abesten duzue diskoan. Horrek atentzioa deitu du, ezta?

Bai, hizkuntza bakoitzak daukan xarman murgiltzea gustatzen zait. Jolas horrek erakartzen nau, hizkuntza bakoitzak ematen dituen sentsazioekin jokatzeak.

Abestiak zuk konposatu dituzu, nola izaten da zuretzat abesti bat osatzeko prozesua?

Ez daukat metodologia zehatzik. Kanta bakoitza momentu ezberdin batean sortu dut. Batzutan letra izan da abiapuntua, bestetan aldiz, musika. Denbora ere ez det berdin erabili abesti guztietan; abesti batzuek berehala hartu dute forma eta beste batzuek denbora gehiago behar izan dute.

Hernanin zure kontzerturik en-tzuteko aukera izango al dugu?

Asmoa dugu Biterin urtarrila aldera kontzertua emateko. Horrez gain, abendurako ere badauzkat hainbat kontzertu: abenduaren 1ean Donostian, abenduaren 3an Irunen eta abenduaren 16an Iruñean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!