«Ahal banu, oraindik ere jokatu egingo nuke dudarik gabe»

Kronika - Erredakzioa 2006ko urr. 29a, 02:00

Iñigo Dominguezekin batera Garbiñe Etxeberria hernaniarra da Realaren lema Superligako itsaso zakarrean zuzen eramatearen arduraduna. Denboraldia kontrako haizearekin hasi duten arren, gora begiratzen du Etxeberriak, konfiantza du bere taldean. Oiartzunen urte askoan jokatzen aritu zen eta entrenatzaile lanetan ere gorputz eta arima aritzen da. Emaitzak hor daude: hiru urtean maila gorenera heldu dira txuri-urdinak.

Lehendabiziko denboraldia du Realak Superligan, baina taldea entrenatzen denbora gehiago daramazu.
Realean hirugarren urtea dut hau. Emakumezkoen taldea hasi zenetik entrenatzaile berberak ari gara. Orain dela hiru urte sortu zen, 2004ko maiatzean egin genituen frogak. Taldea 2004-2005 denboraldirako prest geneukan. Beheko mailetan hasi ginen, orain Hernani dagoen mailan, `Territorial` esaten zaion horretan. Hurrengo urtean Liga Nazionalean egon ginen. Espainiako Estatu mailako txapelketa da eta multzoka osatuta dago. Gu gure multzoko lehen taldea izan ginen eta horri esker igoera fasea jokatu genuen.

Igoera zalaparta dezenterekin lortu zenuten ezta?
Talde bakoitzak bi partidu jokatu behar zituen eta guri hirugarrenean atseden hartzea tokatu zitzaigun. Huelvako Sportingek eta Kanariar Uharteetako Raycok jokatu zuten hirugarren jardunaldi horretan. Huelvak igotzeko irabazi egin behar zuen bi gol baino gehiagorengatik. Izugarrizko iskanbila gertatu zen: kanariarrak huts eta bi irabazten ari ziren eta bigarren zatian ordu laurden batean arbitroak hiru penalti adierazi zituen, hiru eta bi jarri ziren, penaltia adierazi zuen berriro Huelvaren alde eta orduan jokalariak elkar joka hasi ziren. Partidua bertan behera geratu zen, baina arbitroak aktan esan zuen kanariarrek zelaia utzi egin zutela. Araudiak dio zelaia uzten baduzu partidua galdu egiten duzula. Realeko bi entrenatzaileak, Iñigo Dominguez eta ni, han izan ginen ikusten eta denetik gertatu zen han. Gertatzen dena da arbitroa etxekoa zela, andaluziarra.

Taldeek arbitro neutrala edukitzeagatik ordaintzen omen dute...
Bai, Kanariar Uharteetara joan ginenean hori egin genuen. Arbitroa ordaintzeak esan nahi du beste toki batetik eramaten dutela. Kanariarra izan beharrean madrildarra tokatu zen, baina Realak ordaindu behar izan zuen. Asko kobratzen dute gainera.

Jarrai dezagun igoerarekin.
Esan dizudan partidu hori maiatzaren 28an izan zen eta erabakia ekainaren 11an atera zen. Andaluziarrei eman zien arrazoi eta beraiek igo ziren. Gu igoera fasean bigarren onenak izan ginen. Orduan Estudiantesek, Superligan zegoen talde batek, uko egin zion mailari eta gu igo ginen. Baina beste bide batetik.

Merezi zenuten hala ere...
Bai, nik uste hemendik urte batzuetara denei ahaztu egingo zaiela nola igo ginen, baina pena da horrela igo beharra.

Nola dijoa aurtengo denboraldia?
Nik esaten dut lehendabiziko urtekoa erraza izan zela, joan den urtekoa polita eta aurtengoa politagoa baina gogorra. Gogorra egiten ari zaigu eta emaitzak hor daude. Zergatik? Kalitatezko jokalariak, taldeak... Maila aldaketa nabaritzen dela alegia. Guretzat bai. Taldeen prestaketa, jokatzeko era... alde haundia dago.

Prestigioa ere badu Superligak. Nik uste Athletic-ek irabazi izanak mesede egin diola futbolari. Zergatik?
Taldeak izen haundia duelako. Superligan gertatzen dena da gizonezkoen ligako taldeak txapelketari izena ematen ari direla. Hor daude Bartzelona, Levante, Espanyol, Sevilla bera -Hispalis izena du-... horrek indarra eman dio. Realak atera izana ere guretzako garrantzitsua izan da. Bestela Gipuzkoan ezingo litzateke maila honetan jokatu, ez kalitate faltagatik, ekonomiarengatik baizik.

Reala baino lehen Añorga ere maila onean ibilia zen urte askoan ezta?
Oiartzun eta Añorga bai. Ni Oiartzunen ibili izan naiz beti eta horregatik esaten dut.

Bi talde horietako jendearekin osatu zen Realekoa?
Jende asko etorri zen talde horietatik. Bost Añorgatik, lau Oiartzundik baina gero Eibar, Anaitasuna, Lagun Onak, Ilintxa eta Zarautzetik ere etorri zaizkigu jokalariak. Gipuzkoa osoa biltzen du taldeak. Lehengo urtetik aurtengora hiru baja egon dira, eta hiru jokalari berri fitxatu ditugu. Fitxajeak aipatu dituzula, Superligan profesionalki dabilen jokalaririk ba al dago? Bai, Espanyolek eta Madrileko talde batzuek badituzte profesionalak. Jokalari guztiei ez, baina batzuei ordaindu egiten diete. Dirua mugitzen da. Noski, kantitateak txikiak dira, baina batzuetan dirua izaten da, beste batzuetan etxebizitza, lana, ikasketak ordaintzea... Gazteenei ikasketak ordaintzen dizkiete adibidez. Espanyolek badu hemendik joandako jokalari bat eta etxea eta ikasketak ordaintzen dizkiote.

Profesionalizatzen joatea bada aurrerapena ezta?
Aldaketa haundia da. Horrek seriotasuna ematen dio, aspektu guztietan. Ikusten da apustua egiten ari direla, jarraipena duela eta serio dijoala. Guretzako inportantea da.

Zer moduzko publikoa duzue?
Harrituta gaude, pozik, ze jende asko joaten da ikustera. Joan direnak oraingoz gustura gelditu dira `ze partidu polita, ze onak` eta horrelakoak esaten. Batzuk beldurrez joaten dira, zer ikusiko ote duten, baina beste askok aspalditik jarraitzen dute.

Aurreiritziren bat nabaritzen duzu emakumezkoen futbola delako?
Lehen gehiago zegoen. `Nesken futbola? Ez dut inoiz ikusi` esaten zizun jendeak. Baina gaur egun telebistak ematen du, Athletic hor dago, Olimpiadetan ikusi da, Mundialak daude... Normaltzat jotzen da. Zoritxarrez horrela hitz egin behar da, `normaltzat`, betidanik bestelako egoera izan dugulako.

Entrenatzaile izan aurretik jokalaria ere izan zara, zein duzu bietatik nahiago?
Nik orain ahal banu jokatu egingo nuke. Orain gainera, Realean jokatzeko aukera honekin! Dudarik ez. Politena jokalari izatea da, zelaian zu zaudelako, zuk jokatzen duzu, zuk bizitzen duzu... ez dakit, kanpotik, entrenatzailea zarenean, batzuetan zerbait gehiago egiteko gogoarekin geratzen zara. Baina bi alderdiak dira politak, garai bakoitzean gauza bat egitea tokatu zait eta biekin gelditzen naiz. Realak talde-giro ona izatearen fama du... Oso giro ona dago bai eta momentu honetan eskertzen da. Orain arte ondo ibili gara baina orain emaitzak pixka bat atzera eragiten dizutenean taldeko giroak asko bultzatzen du. Garrantzitsua da. Taldea egiterakoan orain dauden jokalari guztiak dagoeneko elkar ezagutzen zuten. Beti bat egin izan dute, aurkari izan direlako edo selekzioetan bestela. Euskadiko selekzioan adibidez ia denek elkarrekin jokatu dute. Talde berean jokatzean kimika ona sortu zen eta oraindik ere badago.

Ligara itzuliz, zein da Realaren helburua aurten?
Nik uste, lehenik eta behin, jendeak sinestea Superligan jokatzea posible dela. Hori sinetsi egin behar dugu, taldea badagoela. Hasiera ez da ona izan emaitzen aldetik, baina joko aldetik gauza politak egin ditugu. Gogorra egiten ari zaigu, bostgarren partidua izan eta bat ere irabazi ez izana. Helburua? Ahal den gorena begiratzea. Orain azkenak gaude, baina ahal dena gora begiratu behar dugu, maila mantendu eta Erreginaren Kopa jokatzea. Lehenengo zortziek jokatzen dute eta momentu honetan agian gehiegi esatea da.

Bukatzeko, zerbait gehiago gehitu nahi zenuke?
Realak emakumezkoen taldea atera izana ze inportantea den azpimarratu nahiko nuke, batez ere futbolean dabiltzan neskentzako. Inportantea da erreferentzia bat edukitzea Gipuzkoan, piramide horretan buru bat edukitzea. Horrek gainera, momentu honetan fitxa berri asko sortzea ekarri du, nesken mugimendu haundia dago, talde asko eta falta dena, baina pixkanaka lortzen ari dena da eskailera moduko bat egitea, jokalariek salto haundiegiak eman behar ez izateko. Gogoratzen dut ni jokalaria nintzenean, 14 urterekin talde batean sartu eta zurekin batera 25 urteko jendea ibiltzen zela. Gaur egunean eskoletan jokatzen da, kadeteetako maila sortu da... badago eskailera moduko bat. Nik uste modu progresiboan egiten ari direla gauzak, eta hori ona da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!