HERNANIk sailkapeneko goi postuetan jarraituko du beste astebetez Gorengo mailan, Zarautz liderraren emaitzaren zain. Atzo arratsaldeak txuriberdeak 5-0 nagusitu ziren, Oñatiko Aloña Mendiren kontra.
Bigarren zatian hautsi zen partidua
Hernanik ondo ekin zion partiduari eta berak eraman zuen partidu osoan iniziatiba. Horrela, 25. minutuan falta bat atera ondoren, buruz lehenengo gola sartu zuten etxekoek eta hortik aurrera erraz kontrolatu zuten partidua. Aloña Mendik ez zuen inolako arriskurik sortzen eta Hernanik ere, aukera gehiegi sortzen ez bazituen ere, partidua erabat kontrolpean zuen. Bigarren zatia, ordea, mugituago hasi zen eta bi taldeak aurkariaren atera errazago hurbildu ziren. Hasierako 15 minututan edo, Aloña Mendik pare bat aukera izan zituen eta hernaniarrek estuasun txikiren bat pasa zuten. Hala ere, une horretan bikain egindako kontraeraso batean, Hernanik 2garren gola egin zuen, eta hortik aurrera partidua hautsi eta Hernaniren nagusitasuna erabatekoa izan zen. Nagusitasun honen ondorioz, Portillok bata bestearen atzetik 3 gol egin zituen eta markagailuan 5-0ko emaitza argia jarri zuen. Emakumezkoen ligan bikain Hernaniko beste talde nagusiak ere irabazi egin zuen atzo 0-1 Emakumezkoen Ligan, Ostadar liderraren etxean, eta merezimendu osoz. Hernaniarrak gora dijoaz nabarmen eta Añorga lider berriarengandik 6 puntutara daude orain.