UDALAK prentsa ohar batean jakitera eman du Karobieta plaza berritu egingo duela. Karobieta plaza Urbieta kalean dago, Buenos Aires izenez ezagutzen den zonalde horren azpian. Obra Zerbitzuetarako udal departamenduaren ekimenez egingo da. Departamenduak azaldu duenez, momentuz ingurua garbitu egin dute, ´lehen hondakinez beteta zegoelako, eta arratoiak ere bazebiltzalako`. Datorren urtean egitea espero duten bigarren fase batean, karobi zaharrak berreskuratu nahi dituzte.
Karobi zaharrak berreskuratu
Zerbitzuetako zinegotzia den Andoni Amonarraizek azaldutakoaren arabera, ´zonalde horretako bizilagunek aurreko proiektua moldatzeko eskatu zuten, plaza berria gaizki erabiltzea ekiditeko`. Egindako obrei buruz aipatu du ingurua garbitu egin dutela eta datorren urtean espazioa berreskuratuko dutela: ´karobi zaharretako harria aterata eta labeen inguruan argia jarrita. Hutsuneak lur begetalaz beteko dira, euri-urak kanalizatuko dira eta ingurunea hesitu egingo da arriskuak ekiditeko`. Udalak ingurune guztia berritu nahi izan duela ere aipatzen du oharrak eta bide horretan Karobieta inguruko parkean esku hartu zuen, 2005-2006 urteen artean: ´bizilagunen eskakizunak kontutan hartuta, bananondo gazteak kendu eta gereziondoak aldatu ziren. Bananondo zaharrak kimatu egin ziren, haize zakarreko egunetan istripuak saihesteko`.