ATzo goizeko 10:30ak inguruan sartu zen Ertzaintza Bildu Hernani plataformak Kardaberaz kalean duen lokalean, Espainiako Auzitegi Gorenak aginduta, inbentarioa egitera. BHko bi kide ere sartu ziren interbentorea eta ertzainekin eta Kronikari azaldutakoaren arabera, material guztiaren inbentarioa egin zuten, baina ez zuten ezer eraman lokaletik. Ondorenean, 11:30ak pasatxoan, Garin tabernan sartu ziren ertzainak eta tabernan zegoen jendea atera arazita, bertan ere material guztiaren inbentarioa egin zuten. 12:30ak inguruan joan ziren ertzaintzak eta tabernak irekita jarraitu zuen. Miaketa guzti hauek salatzeko zenbait herritar Errepresioa ez da bidea. Euskal Herriak autodeterminazioa zioen pankarta atzean elkartu ziren, BHko lokal aurrean aurrena eta Garin taberna aurrean ondorenean. Arratsalderako, berriz manifestazioa deitu Ezker Abertzaleak.
Batasunaren legez kanporatzea
Gorenak 2003an Batasuna legez kanpo utzi zuen eta horren harira agindu du inbentarioak egitea, ondasunen likidazioa egiteko, eta herrikoak nahiz bestelako lokalak Batasunarekin lotura izan lezaketela argudiatuta. Resoluzioak dioenez, miaketa hauek ez dute herrikoek taberna moduan duten funtzionamenduan eragingo. Hiru egunetan egin dituzte inbentarioak Guardia Zibilak eta Ertzaintzak eta guztira 80 bat herriko taberna eta lokal izan litezke Hego Euskal Herrian miatu dituztenak. ´Estatu espainolak ez du bide errepresiboa baztertu` Azken aldiko gertaeren balorazioa egin du Hernaniko Ezker Abertzaleak, Kronikara bidalitako idatzi batean. Beren hitzetan, ETA erakundeak su eten iraunkorra aldarrikatu zuenetik zazpi hilabete bete diren honetan ´herrikoen miaketa eta lapurretari ekin diote; egunotan amnistiaren aldeko mugimenduko bi kide Auzitegi Nazionalera deituak izan dira; Batasunaren kontrako prozesamendua berretsi dute; eta hurrengo astean, beste hiru mahaikide auzitegi nazionalera deituak izango dira`. Ezker Abertzaleak dio Estatu Espainol ´Zapatero eta PSOE buru direlarik` bide errepresiboaren aldeko apustua baztertu beharrean, areagotzen ari dela.
Ofentsiba politikoa
Idatziak dio, Ezker Abertzaleak ofentsiba politiko bat hasi duela, irekitako prozesuak zeri erantzun behar dion argitzeko ´prozesuaren helburua izan behar duen autodeterminazio eskubidea kalean aldarrikatuz; herri honen hitza eta erabakian oinarritutako marko politiko berri bat jokoan dagoela argituz; euskal presoen eskubideen errespetua eztabaida politikoaren erdian jarriz; eta finean, pazifikazio prozesu bat baino, herri eta herritarren eskubideetan oinarrituriko prozesua izan behar duela adieraziz`.
Eztabaida Europan
Ezker Abertzaleak nabarmendu du atzo Europako Parlamentuan ´Euskal Herriko afera` eztabaidatu zela eta uste du ez dela kasualitatea ´une garrantzitsu honen atarian horrelako erasoaldia izatea`. Baldintza demokratiko minimorik gabe prozesua ezin dela garatu uste du Ezker Abertzaleak, eta ´norabide horretan urratsak emateko garaia` iritsi zaiola PSOEri, ´egoera gehiago usteldu eta irekitako aukera bere horretan galbidean jarri nahi ez badu behintzat`. Azpimarratu du ´garai bateko makinaria juridiko eta errepresiboa indargabetzeko unea` iritsi dela, ´alderdien legea barne`. Ekintza hauekin Ezker Abertzalea ahuldu nahi dela uste dute, baina ´herri honen eskubide demokratikoak, autodeterminazioa eta lurraldetasuna lortu artean eta independentzia eta sozialismoa libre eta demokratikoki garatu ahal izateko aukerak izan arte` Ezker Abertzalea aurrez aurre eta tinko izango dutela nabarmendu dute, ´kalean, zutik eta tinko!`.