Auzokoek egindako bidaien argazkiekin hasiko da gaur Ereñotzuko kultur astea

Kronika - Erredakzioa 2006ko urr. 24a, 03:00

EREÑOTZUKO lau gazte Hegoamerika eta Ertamerikan izan dira udan, bakoitza bere aldetik eta bere eran. Bidai horietan ateratako argazkiak erakutsiko dituzte gaur ilunabarrean, Txirrita eskolan, musikarekin egindako montaje batean. Ekitaldi honekin emango zaio hasiera, gaurtik igandera luzatuko den XVIII. Ereñotzuko Kultur Asteari. Egunero ekitaldiak Bihar eta etzi, leku eta ordu berean bi hitzaldi izango dira Ereñotzun. Asteazkenean, Osasuna eta Kirola-ri buruz jardungo da Lizar Irazusta kirol prestatzailea. Ostegunean, aldiz, Lurpeko mundua-ri buruzko hitzaldia izango da. Ostiralean bi pelikula ikusi ahal izango dira: arratsaldeko 17:30etan haurrentzat ´Glup` eta iluntzean ´Tiempo de valientes`. Larunbatean bertso afaria Datorren larunbatean, bertso afaria izango da Ur Mia Elkartean, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusekin. Afaria 20:30etan izango da eta txartelak salgai daude Irrintzi tabernan eta Ur-Mia Elkartean bertan, 20 eurotan. Oindi tabernan ere hartu daitezke. Larunbatean bertan, partxis lehiaketa ere izango da arratsaldean. Aste Kulturala igandean bukatuko da. Goizetik Korri, Xalto eta Brinko pailazoen emanaldiarekin eta arratsaldean, auzoko sagardo dastaketa eta gaztain jatearekin. Egun osoan Maxux Salaberria eta Sofia Arostegiren, margoak eta argazkiak egongo dira ikusgai, ikastola zaharrean.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!