ALKOHOLIKO anonimoen Hernaniko Santa Barbara elkarteak 38 urte bete ditu hilabete honetan. Egoitza Sandiusterri azpikaldean du, Zaharren Egoitzako eraikinean. Elkarteko kideek urteurrena aprobetxatu nahi izan dute egiten duten lanaren berri emateko eta alkoholarekin arazoa duten pertsonei, eta hauen familia eta lagunei laguntza eskaintzeko. Taldeak terapia bilera itxiak egiten ditu astelehenetan eta ostiraletan, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Ostegunetan, arratsaldeko 20:00etan, ateak irekitzen dituzte alkoholismoa sendatzeko duten programaren berri jakin nahi dutenentzat. Informazio gehiagorako telefono honetara ere jo daiteke: 943 33 11 03 (ext. 566).
Alkoholismoa gaixotasuna
Alkoholiko anonimoetan dabiltzan kideek argi utzi dute alkoholismoa gaixotasuna dela, ez bizioa: ´gaixotasuna sendaezina da, okerrera egiten duena eta oso kaltegarria da, baina gelditu daiteke. Horretarako beharrezkoa dira edateari uzteko borondatea eta benetako gogoa`. Behin jarrera hori hartuta alkoholikoaren helburua alkoholik ez probatzea dela azpimarratu dute, eta gaixotasuna duten beste pertsonak laguntzea, haiek ere edateari uzteko.
20 pertsona inguru
Santa Barbara alkoholiko anonimoen elkartean momentuan 20 bat pertsona dabiltza, gehiengoa gizonezkoak. Kideetako batzuk urteak daramazkite elkartean eta beste batzuk ez hainbeste. Honen inguruan azaldu dute alkoholaren aurrean, edan gabe pasatako denborak ez duela horrenbesteko garrantzia: ´kontua ez da zenbat urte daramazkizun elkartean, izan ere, trago batek zure bizitza suntsitzera eraman zuen katea hasi lezake berriro ere. Ez da sekula konfiatu behar` diote.
Anonimatoa, terapien klabea
Haien artean egiten dituzten terapia itxietan esperientzia pertsonalak elkartrukatzen dituztela azaldu dute elkarteko kideek, eta argi utzi dute elkartera jotzen duten pertsonen anonimatoa gordetzen dutela ´osatzeko klabea baita hori` diote. ´Iritsi berriari azaltzen diogu zein den diferentzia, alkoholismoa dela eta gobernatu ezin daitekeen bizitza izatetik, bizitza zoriontsu eta konstruktibo bat bizitzera, alkoholismoaren atzaparretatik askatuta`. Edan gabe egotera ere gonbidatzen dute iritsi berria, proba egin dezan: ´edaririk probatu gabe egon dadin hainbat iradokizun eta gomendio ematen dizkiogu eta gero emaitza zein izan den kontatzeko gonbitea luzatzen diogu` azaldu dute. Azpimarratu dute ez dutela inor ezertara behartzen ´hona etortzen denak gure gomendioak eta esanak onartu ditzake ala baztertu, hemen ez dugu inor ezertara behartzen. Guk ez ditugu elkarterako kideak erreklutatzen, baina ateak beti zabalik izaten ditugu nahi duenarentzat`. Horrez gain, aipatu dute taldea ez dagoela inongo talde politiko ez sektari lotuta eta dirua kide bakoitzak jarritako aportazioetatik lortzen dutela. Bukatzeko gonbitea luzatu diote alkoholarekin arazoak dituztenei elkartearekin harremanetan jartzeko.