Eskualdeko elizaren eginbeharrak aztertzen dituen liburua argitaratu dute

Kronika - Erredakzioa 2006ko urr. 25a, 03:00

Pastoral Berrikuntzarako Talde Eragileak liburua argitaratu berri du, Hernaniko artziprestaldeko gizarteari gain-begirada izena duena. Talde eragile hau lanean ari da Hernaniko artziprestaldean (Hernani, Martutene, Astigarraga eta Urnietak osatzen dute) indarrak bateratu eta proiektuak denen artean aurrera ateratzeko. Talde eragileak adierazi duenez, helburua da eliza berritzea, bai eskaintzen diren zerbitzuetan eta baita antolaketan ere. Liburua osatzen hasteko abiapuntua duela bi urte Juan Maria Uriarte Gotzaiak egindako erreflexioa izan zen. Bertan Hernaniko artziprestaldeko egoera eta erronkak jarri zituen mahi gainean, bereziki gazteei dagozkienak.

Gizarte azterketa
Liburuan, artziprestaldeko gizartearen azterketa egiten du aurreneko kapituloan: sozioekonomia, esparru politikoa kulturala, biztanleak, etxebizitza, hezkuntza eta euskera, pobrezia eta gizarte bazterketa, elkarteak eta politika aztertzen dira atal honetan.

Gazteak babestuegi
Liburuko bigarren atalean eskualdeko gazteen azterketa egiten du. Azterketa Hernanin 2001eko apirilean kale hezitzaileek egindako azterketan dago oinarritua, eta baita Eusko Jaurlaritzako Euskadiko Gazteak 2000 txostenean ere. Gazteen egoera nahiko beltz agertzen du liburuak. Besteak beste, aipatzen du gazteak tabernetara jotzen dutela edo bestela Donostiara, aisialdirako alternatibarik ezean. Babestuegi daudela; kontsumistak direla; kritikarako eta gogoetarako joerarik ez dutela; eta ondo bizi direla esan arren, etorkizunaren aurrean ezkorrak direla ere nabarmentzen du liburuak. Azterketak dio Hernaniko elkarte guztien artean, gazteen %87,6k elizari ematen diola notarik bajuena. Ikastetxeei ere oso nota bajua ematen die gazteen %98,3k. Gazteak talde ezberdinetan ere sailkatzen ditu: gehiengo normala; borrokak; garajeetan biltzen direnak; drogatak; eta martxari lotutakoak. Gazteenak elkarrekin ibiltzen direla aipatzen du baita ere, eta entzuten duten musika eta janzkeraren arabera, Play, Ilunbe edo Oialumera joaten direla.

Gotzaiaren hausnarketa
Liburuaren hirugarren atalean Juan Maria Uriarte Gotzaiak 2004ko irailaren 20an egindako hausnarketa jasotzen du, Hernaniko arziprestaldeko egungo errealitateari buruz eta horren aurrean elizak hartu beharreko norabideari buruz. Sarrera bezala dio, ´egoera berri honek sortzen dituen eragin negatiboen irakurketa ondorio positiboekin osatu` beharko litzatekeela, ´gure pastoralgintza aldatzeko eta hobetzeko Espirituaren gonbidapena bailiran hartu`. Horrez gain, Hernaniko artziprestaldea bere bizitasunagatik nabarmendu zuen gotzaiak, ´kopuruan murriztua eta indarrez ahul samar bada ere, indar zantzuak ikusi ditut, ez taldeen kopuru eta jardueretan bakarrik, baita zenbait ekimenen kalitate eta ikuspegi irekian ere`.

Eraberritutako elizaren ezaugarriak
AZken atalean, gizartearen ezaugarri berriek bultzatuta, eraberritzen ari den elizak izan  behar lituzkeen ezaugarriak azaltzen dira. Besteak beste honakoak agertzen dira:

- Elizaren misio unibertsalarekiko kontzientzia eta konpromisoa eutsi. Ebanjelioaren zerbitzura, estilo berriko pastoralgintza misiolaria, munduko laiko ebanjelizatzaileen presentzia indartuz, hauek izan daitezen Jainkoaren ezaugarri umila Jainkoarengandik urruntzen ari direnentzat.  
- Harrera onekoa eta hurbila gaur egungo gizon-emakumeen zerbitzura, entzuten eta laguntzen dakiena, gazteei eta familiari arreta berezia eskainita.
-Sufritzen dutenen ondoan dagoena, behartsuentzat zerbitzuak antolatuz eta pertsona konkretuengandik hurbil egonez, eta Europari ez ezik Hirugarren Munduko behartsuen oihu larriei entzunez.
-Adiskidetasunaren eta bakezko bizikidetzaren alde otoitz egin, hezi eta lan egiten duena, giza eskubideak defendatuz, gatazken konponketarako bide baketsuak eraginez.
-Laiko, erlijioso eta apaizen arteko elkarlana indartuz Jainkoaren herri bat-bera osatzen dutelako, lan bateratua bultzatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!