Perretxiko kontua jendearen ahotan dabil, azken boladan, eta hori nabarmen geratu zen, atzo, Plaza Berrin egindako mikologia erakusketan. Jendetza izugarria ibili zen, zahar eta gazte, perretxiko mota guztiei begira, eta antolatzaileak oso gustora zeuden. Mikologia jardunaldietan bete-betean sartuta dago Hernaniko Urretxa Mikologia taldea, eta atzoko erakusketa kapritxo guztiarekin prestatu zuten.
Aukera haundia ikusgai
Aurten Burgos, Soria, Huesca, Zaragoza eta Nafarroatik ekarritako perretxikoak jarri dituzte ikusgai; guztira 100dik gora espezie.
Mahai ‘didaktikoa’
Beste perretxiko pila baten artean, ikusgai jarri zituzten intoxikazio gehien eragiten dituzten despisteak zein espezieren artean izaten diren: Ilarraka (Lepista nebularis) eta Maltzurra (Entoloma lividum); Gibelurdina (Russula virescens) eta Amanita phalloidesa; Korintoa (Amanita caesarea) eta Amanita muscaria, eta abar. 12 perretxiko preziatuenekin egindako egutegia ere salgai dago, 2 eurotan.
Elkarte asko kezkatuta
Aurten mikologia elkarte asko kezkatuta azaldu dira. Perretxikotara joateko ohitura betikoa omen da, baina azken urteetan izugarrizko presioa jasaten ari omen da basoa. Horrek espezie batzuk arriskuan jarri litzake, eta basoak behar beharrezkoa duen oreka ere bai. Horregatik, lehendabiziko pausoa eurek ematea erabaki dute, eta erakusketetan ez dituztela 150 espezie baino gehiago jarriko, erakusketak prestatzen ere eragin egiten baitzaio basoari. Erabakia hartu duten mikologia taldeak Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Santanderrekoak dira, inguruko 8 elkarte ezagunenetakoak.