Arau subsidiarioen proiektua Plenoak onartu zuenetik, bertan biltzen diren puntu garrantzitsuenak azaltzen ari da Udaleko Hirigintza Zerbitzua, eta atzo Floridarako biltzen duen egitasmoaren berri eman zuen Iñaki Arratibel Hirigintza Zinegotziak. Floridan Benta Berri etxetik Gabriel Zelaia ikastetxeraino alde batetik eta AMRko aparkamendutik LIDLeraino, 553 etxeko urbainizazio berri bat egitea aurrikusten da, bertako industria kanpora aterata. Arratibelen hitzetan lantegi guzti hauek urbanizazio batean izateak bizilagunentzat eta trafikoarentzat dakar arazoa eta hortik sortu da enpresak kanpora atera eta urbanizazioa egiteko egitasmoa. ´Eremu honetan, beste udalerri askotan bezala, bizitegi-auzo bat sortzen joan da lantegien inguruan eta egun beharrezkoa suertatzen da enpresa hauek bertatik atera eta etxebizitzengatik ordezkatzea` jakitera eman duenez. LIDL, Papelera del Norte zegoen horretan dauden lantegiak eta Parrokia dira bere horretan geldituko liratekeen eraikinak, gainontzeko ia guztiak berritu egingo baitituzte. Besteak beste, egitasmo hau biltzen duten Arau subsidiarioei Diputazioak eman behar die orain behin betiko onarpena eta 6 hilabeteko epea dute horretarako.
Lau fitxa desberdin
Floridako egitasmo berria fitxa urbanistiko desberdinetan bildu dute: AMR inguru horretan (12/11 fitxa), 277 etxebizitza egitea aurrikusten da, 56 babes ofizialekoak, 111 tasatuak eta 110 prezio librekoak. Panificadora, Dia eta gainerako enpresak dauden inguru horretan (12/8 fitxa), 126 etxebizitza aurrikusten dira, 26 babes ofizialekoak. Talleres Hernani dagoen inguru horretan (12/6 fitxa), Parrokia eta LIDL dauden bezala geldituko dira eta 90 etxebizitza egitea aurrikusten da, 18 babes ofizialekoak eta 72 libreak. Udal tailerrak dauden horretan (12/10 fitxa) 60 etxebizitza joango lirateke, guztiak babes ofizialekoak. Lehengo Papelera del Norte zegoen inguru hori, berriz, dagoen bezala geldituko da, Arratibelek nabarmendu duenez 55 jabe baitaude eta enpresa txiki asko.
AMRrekin hitzarmena
Inguru horretako industriarik haundiena AMR Refractarios ladrilo fabrika da eta Udala eta Diputazioarekin sinatua du hitzarmena enpresak. Enpresa Ibaiondora joango da, datorren urtean egiten hasi eta 2008 bukaerarako egina egotea espero den pabiloira. Ondoren, Floridako enpresa deskontaminatu eta bota egingo lukete, ia bi hektarea dituen eremua urbanizatzen hasteko. Etxeak eraikitzen 2011 urte inguruan hasi litezke eta lanek 20 bat hilabete irautea aurrikusten da. Etorlur sozietateko gerentea den Jose Antonio Maisuecheren esanetan ´Arau subsidiarioak onartu, Plan Partziala onartu eta proeiktuak gauzatzean jakin ahal izango dira etxeen prezioak eta azalerak` eta oraingo gutxi gora beherako kopuruek aldaketa txikiren bat izan lezaketela azaldu du.