CD Hernaniko mutilen Gorengo taldeak 2-1 galdu zuen atzo Zestoako Zubiaurre zelaian. Irabazten hasi ziren, Portilloren gol bati esker, baina ez zioten abantailari eusten jakin. Partidu borrokatuan, zelaiaren egoerak ez zien hernaniarrei nahi bezalako jokoa egiten utzi eta, ikusitakoaren arabera, puntu bat ere ez zen emaitza txarra izango. Bere oinetan izan zuen Portillok aukera paregabea puntu hori lortzeko, 85garren minutuan jaurtitako penaltian, baina zorteak bizkarra eman zion gazte hernaniarrari. 2 minuturen faltan, beste baloi bat bidali zuten zuriberdeek langara, baina ez zuten zestoarren atea zulatzen jakin. Zapore gazia kentzeko aukera Aloña Mendiren aurka daukate, datorren astean, Zubipen.
Neskak, bikain
Jon Zabaletak entrenatutako neskak, berriz, bolada onean dabiltza. Atzo 0-4 irabazi zioten Euskaldunari eta jada 5 partidu daramazkite galdu gabe, azken biak irabazita. Golak Amagoiak, Garazik, Izarnek eta Oihanek sartu zituzten. Neskak gora dijoaz taulan eta datorren astean Ostadarri bigarren postua kentzeko aukera izango dute, beraien aurkako partiduan.
Beste emaitzak
Liga nazionaleko jubenilek 0-1 galdu zuten Peña Santurtziren aurka eta kadete txikiek 6-0 irabazi zioten Urolari.