Gure artean euskaraz egitasmoa 2003an zabaldu zen herri mailan Dobera euskara elkarteak, Udaletxeko euskara batzordeak, Hernaniko ikastetxeek eta Euskaltegiek bultzatuta. Doaneko ekimen hau euskera praktikatu nahi eta zailtasunak dituztenei eskainia da eta euskeraz hitz egiteko ohitura hartzea edo berreskuratzea du helburu. Horretarako, euskera dakitenen laguntza behar izaten da, hobetu nahi dutenekin geratu eta mintzapraktika egiteko.
Zer da ‘Gure Artean Euskaraz’?
Ekimenean parte hartzeko modua ez da batere zaila: bai laguntzaileek (euskal hiztunek) eta bai praktikatu nahi dutenek izena ematea besterik ez dute, urriaren 30a baino lehen , Dobera euskara elkarteko egoitzan, udaletxeko euskara zerbitzuan, euskaltegietan, ikastetxeetan edo 943 33 2799 telefonoan. Ondoren, talde txikiak osatuko dira parte hartzaileen adina, zaletasunak eta ordutegiak kontuan hartuta. Behin hau eginda, taldekideek askatasun osoa daukate noiz, non eta nola geratu nahi duten erabakitzeko. Dobera euskara elkarteak, dena den, jarraipena egiten dio egitasmoari eta otsaila eta ekainean balorazioak egin ohi ditu. Taldearekin gustora egon ezean ere, elkarteak egokitzapenak egingo lituzke eta beste edozein zalantzaren aurrean ere, Doberara jo daiteke. Parte hartzaileak astean behin elkartzen dira, ordubetez, eta azarotik ekainera arte egiten dituzte mintzaldiak. Iaz, 30 bat lagunek hartu zuten parte egitasmoan. Ikastetxeetako gurasoek nahiago izaten dute batzuetan ezaguna duten jendearekin aritzea; kasu horietan, ikastetxeen bidez bideratzen dira taldeak. Gure artean euskaraz egitasmoa oso baliagarria izaten da ingurune euskaldun batean bizi ez eta euskera praktikatu nahi dutenentzat.
Laguntzaileen premia dute
Egitasmoan oso garrantzitsua da laguntzailearen presentzia, hau da, euskeraz dakienarena. Euskera praktikatu nahi duen guztiak behar du laguntzaile bat hari irakasteko, edo, besterik ezean, mintzatzeko. Batzuetan, laguntzaile batekin ikasle bat baino gehiago izaten da taldeetan, baina laguntzaile kopuru urriarekin, zaila izango litzateke egitasmoa aurrera ateratzea. Horregatik, egitasmoaren bultzatzaileek dei egiten diete euskeraz dakiten herritarrei, mintzatzeko lagun bat behar duen inor aukerarik gabe gera ez dadin. Astean ordu bete eskaintzea nahikoa izaten da normalean, eta ez da behar inolako maila teknikorik, euskeraz jakitea eta beste batzuekin esperientzia elkarbanatzeko gogoa, besterik ez.
Topagunea-Mintza eguna
Euskal Herrian barrena, herri asko dira antzeko ekimenak dituztenak. Berbalagun, solaskide, zaharberri, mintzalaguna, Gure Artean Euskarazen pareko dira eta Pasaia, Ordizia, Elgoibar, Lasarte eta beste probintzietako hainbat herritan burutzen dira. Topagunea, Euskal Herri mailan Euskara elkarteak (Dobera barne) biltzen dituen federazioa da eta horrelako egitasmoetan parte hartzen duten jendea elkartzeko, Mintza Eguna antolatu zuen joan den ekainaren 3an Iruñerrian. Bertan hainbat jarduera egin zituzten giro euskaldunean, hala nola, ttipi ttapa, bazkaria, kantaldia eta abar. Hernaniko ordezkaritza bat ere han izan zen. Euskera elkarteen ustez oso garrantzitsua da jendea euskal giroan barneratzea euskeraren erabilera errazteko, eta hori bilatzen saiatu ziren Iruñerriko elkartzean. Esperientzia urtero errepikatzeko asmoa dute.
Jexux Eizagirre eta Luix Gorrotxategi
«Lehen nota musikala euskera izan zen, eta beste guztiarekin fandango bat egin dugu»
Egitasmoa barrutik ezagutzeko asmoarekin, bertan parte hartzen duten bi lagunekin egon zen Kronika ostegun arratsaldean Hernaniko taberna batean. Beste mintzakide bat izango bagina bezala, gai ezberdinen inguruan aritu ginen ordubete luzez Jexux Eizagirre eta Luix Gorrotxategirekin. Batetik ekonomia dela, bestetik kazetaritza eta gustoko zutabelarien esanak direla, ez dute gai falta izaten. Mintzatzeko harreman polita eraiki dutela iruditu zaigu, euskeraren erabilpenetik haratago, eta gehiago jakiteko asmoarekin, egitasmoari buruz solastu dugu pixka batean.
Nolaz hasi zineten ‘Gure artean euskaraz’ egitasmoan parte hartzen?
Luix: Ni itsu geratu nintzen, eta itsutasunaren ondorioz, ezin nuen irakurri eta euskera maila ahultzen, baldartzen ari zitzaidala sumatzen nuen. Senideak kenduta, ez neukan aukerarik euskeraz hitz egiteko nire inguruan eta Doberara deitu nuen laguntza eske. Beraiek jarri ninduten Jexuxekin harremanetan eta gaur arte.
Noiz hasi zineten elkartzen?
Luix: Duela urtebete inguru, hamar bat hilabete. Biok hasi ginen, eta hilabete pare batean, jende gehiago izan ginen. Udara pasata, berriz ere biok geratu gara. Uste dut beste kideetakoren bat barnetegian hasi dela.
Jexux: Astean behin elkartzen gara, ordubetez edo ordu t’erdiz.
Luix: Euskeraren inguruan sufritzen ikasi, eta tipo hau (Jexux) aguantatzen ikasi diat! (Barreak). Guk ez genuen elkar ezagutzen eta nire espektatibak bete ditut.
Zuk, Luix, euskeraz ondo hitz egiten duzula iruditu zait. Ez al da hala?
Luix: Arazoak dauzkat momentuko ideiak adierazteko, bere mami guztiarekin. Pentsatu behar dut adierazi nahi dudan guztia esateko. Kexa naiz Jexuxek ez nauelako zuzentzen.
Jexux: Ez nago ados. Orain eman duen azalpena esateko euskera maila altua behar da, ez dakit ze perfilekoa, baina altua. Nik ez haut zuzenduko, konzienteki. Hitz egiten ari denari ezin zaio moztu, beldur bat sortzen delako.
Denok hitz egiten dugu akatsekin, denborarekin zuzentzen da hori. Galdetzen badit, erantzuten diot. Egitasmo hau mintzatzeko erreztasuna hartzeko da, eta hori hitz eginez lortzen da.
Luix: Ikasteko modu hobeak badaude, horietako bat zuzentzea da. Niri ez zait batere inporta zuzendua izatea. Motorran reboluzio gehiago jartzea besterik ez da.
Nabaritzen al duzu hobekuntzark, Luix?
Luix: Ni ez naiz konziente.
Jexux: Niretzako bai. Irakasle bezala, grabaketaren teknika erabiltzen genuen, ikaslea konturatzeko. Bera ez da jabetzen, egunetik egunera ari delako. Hiztegi aldetik ere nabaritu dut hobekuntza.
Eraginkorra izan al da, hortaz, zuen arteko elkartzea?
Luix: Nik euskera indartu nahi dut. Guk adin antzekoa daukagu, afinitate batzuk. Horrek inguratu gaitu. Lehen nota musikala euskera izan zen eta beste guztiarekin fandangoa egin dugu.
Jexux: Irakaskuntza erregularra ez da eraginkorra. Mintza praktikak bizitza normalean egin beharrekoak dira. Behin Hendaiako hondartzara joan ginen. Edozein jarduera egiteko ezinbestekoa da hizkuntza. Euskaltegian artifiziala izaten da, gaia jarri, orain hasi, bukatu...Euskera bizitza normalean txertatzen da .
Gure artekoa hitz egiteko eskola da, Luix oso tertuliakide ona da, entzuten daki, gai ezberdinek interesa pizten diote. Hau garrantzitsua da, euskaldunok orokorrean ez baikara tertuliakide onak: ez diogu elkarri hitz egiten uzten, beti zerbait egin behar dugu, berotu egin ohi gara.
Luix: Gure artekoan euskera da helburua, eta horretarako erabilitako aitzakiak ere interesgarriak dira.
Jexux: Egitasmo honetan parte hartzeko denbora behar da. Denbora daukatenek zerbait egin behar dute. Gure artekoa hitz egiteko eskola da.