Aizpitarteko kobazuloak Landarbason, gure arbasoen etxea

Kronika - Erredakzioa 2006ko urriaren 22a

KANTAURI itsasoko kostaldea historiaurreko arkeologoen gune garrantzitsuenetako bat da, Würn izeneko glaziazioan (K.a 80.000-8.500) gizakiak bertako haitzuloetan babestu zirelako. Gure kostaldean itsasoak 12 kilometro atzerago zuen muga eta Pirineo guztia glaziar erraldoi batek estalita zegoen. Haitzuloek tenperatura goxoagoa mantentzen zuten eta bertan egin zuen bizia garai haietako gizakiak. Santimamiñe, Altxerri, Praileaitz, Ekain edo Altamira bezalako kobazuloetan aztarna ugari aurkitu dituzte eta baita milaka urte dituzten artelan ikusgarriak ere. Baina gugandik gertuago badugu Goi Paleolitiko garaian (K.a 30.000-10.000) gure arbasoek erabili zuten beste kobazulo bat, Landarbasoko Aizpitarte.

Barandiaran Aizpitarten

Perurenako Bentatik aurrera egin eta Listorreta parkea pasata aurkituko ditugu Aizpitarte kobazuloak. Beren berri betidanik jakin izan da eta inguruko baserritarrek bertatik ateratzen zuten soroak abonatzeko lurra. Lehenengo indusketak 1892an egin zituzten eta ondorengo urteetan arkeologo ugari izan ziren Aizpitarten. Material piloa atera zuten bertatik, horien artean harlauza batean grabaturiko orein baten irudia. Baina indusketak, hasierakoak izaki, ez ziren behar bezalako sistematizazio eta zorroztasunarekin egin. Gainera, asko izan ziren, zerbait aurkituko zutelakoan, lurra nahasten ibilitako turistak, eta lehenengo lur geruza erabat hondatuta geratu zen. 1960 eta 1964 artean Jose Miguel Barandiaran eta bere taldeak lehenengo indusketa serioak egin zituen bertan. 1’60 metro sakoneraino industu zuten eta tarte horretan Goi Paleolitoko aldi ezberdinetako materiala aurkitu zuten (silex-a eta hezurrezko tresnak). Hain zuzen, horregatik da garrantzitsua Aizpitarte, Goi Paleolitoko garai aberatsaren bilakaera guztia erakusten duen Gipuzkoako haitzulo bakarra delako.

Bisonteak ehizatzen zituzten

Aizpitarteko aztarnategian Jesus Altuna prehistorialariak koordinaturiko talde bat ari da ikerketa egiten gaur egun. Ikerketaren lehenengo emaitzek diote duela 27.000 urte cromagnon gizakia bertan bizi zela, eta aurkitutako bisonte hezur piloarengatik, arkeologoek uste dute animalia hori harrapatzen espezializatu zirela Landarbason. Lan tresnak eta armak egiteko Akitaniatik ekarritako silex-a erabiltzen zuten eta gizaki aztarnak ere azaldu dira, haurren esnetako hortzak, zehatz esateko.

Jentilen istorioak garai bateko bizimoduaren testigantzak dira

Kondairak dio Aizpitarten jentilak bizi zirela garai batean. Antza, gauean ateratzen ziren
ehizatzera eta egunez kobazuloaren barruan ezkutatzen ziren.
Jakina da historiaurreko leku esanguratsuenen inguruan mito eta kondairak sortu izan direla mendeetan zehar; baina begi bistakoa da kondaira horiek badutela sakonean egiazko zerbait, memoria kolektiboan gorderik geratu den historiaren zati bat. Asko dira jeinuen izena hartzen duten kobazulo edo monumentu megalitikoak eta gurean ere badira bakarren batzuk.

Mitoak eta historia nola ezkondu Hernanin

Urnietan bada Sansonarri deitzen den harri handi bat, Abailarri inguruan, eta badu bere istorioa. Badirudi Sansonek harria Aranora bota nahi zuela, baina irrist egin eta harri hori erdi bidean geratu zen. Bestalde, ezaguna da baita ere Marizulo deituriko koba, Besabitik gertu (mesolitikoko gizaki aztarnak azaldu dira bertan).
Hernanira etorrita, jentil-zulo izeneko bi koba ezagutzen ditugu, bata Latsunben eta bestea Antziolan. Ezagutzen dugu baita ere jentil-dorre izeneko etxea, Portalondo alegia, hark ere izango zuen bere istorioa... Bestalde, Fagollaga parean badago Sorginmalda deitzen dioten mendi magal bat, eta Sorgintxulo baserrian zulo bat omen zegoen, bertatik ateratzen ziren sorginak. Baserria desagertu zen, baina sorginak... yy

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!