URUMEA bailarak historiaurreko altxor arkeologiko ugari gordetzen ditu bere magaletan. Orain milaka urte bizi izan ziren gizakiek utzitako aztarnak dira horiek eta garai haietan gure arbasoak nola bizi ziren jakiteko balio dute. Baina historiaurrea garai arrunt luzea da eta bere baitan gauza asko pasa ziren, klima aldaketak, adibidez. Duela 10.000 urte hasi zen holozenoa (gaur egun holozenoan gaude), baina ordu arte Euskal Herria eta Hernani, pleistozenoa deitzen zaion garai ikaragarri hotzean murgilduta zeuden. Aro honetan zenbait glaziazio izan ziren eta azkenekoa K.a 8.500 urtean amaitu zen. Hain zuzen, izotzaldi hura amaitu zenean, gaur egun ezagutzen dugun klima sortu zen pixkanaka. Basorik ez zegoen lekuan, pagadi, harizti eta hurritzak azaldu ziren eta animalia artikoen ordez giro epelagoko fauna ugaldu zen gure mendietan. Gizakiok ere, aldaketa nabarmena egin genuen kultura mailan. Horrela, paleolitiko arotik, epipaleolitiko deitzen zaion trantsizio aldira pasa ginen eta hortik neolitikora. Neolitizazioa K.a 4.000 urte inguruan hasi zen lurralde hauetan eta aldaketa nabarmenak ekarri zituen: abereak domestikatzea, nekazaritza, zeramika... Esan daiteke orduz geroztik ibili direla gure arbasoak artzantzan, Oinddi, Akola edo Azketako larreetan, orduan soildu zituzten mendi gain horiek. Neolitikoaren ondoren Brontze Aroa nagusitu zen Euskal Herrian K.a 1.000 urte arte. Giza populazioa hazi egin zen garai horietan eta hori bakarrik ez, gizartearen egitura gero eta konplexuagoa zen. Sineskerak eta erritoak aldatu egin ziren baita ere, hiletak eta ehorzketak egiteko modua bezalaxe; ordukoak dira Akolan aurkitu ditzakegun dolmenak, adibidez.
Akolako dolmen ikusgarriak
Landarbasoko estazio megalitikoan 14 dolmen edo trikuharri daude eta horietatik erdia Hernaniko lurren barruan sartzen dira. Akola, Sagastieta, Igoin eta Arritxietako dolmenez ari gara. Batzuk egoera kaxkarrean daude, baina beste batzuk ondare arkeologikoaren altxorrak dira. Esaterako, Akolako lepoan dauden hiru trikuharrietatik hoberen kontserbatzen dena, Barandiaranek katalogatu zuen 1928an. Dena den, inguru horretako gainerako dolmenak 1950an industu eta katalogatu zituzten eta egindako indusketa horietan duela 3.000 urteko zeramika zatiak eta suharri landuak azaldu ziren, besteak beste. Euskal Herrian 800 dolmen inguru aurkitu dituzte oraingoz, gehienak ganbara arrunta duten dolmenak dira eta Hernanikoak ere halaxe dira. Dolmenak harlauzaz egindako ganbara bat izaten du, estalki batekin, eta horren inguruan harripilaz osaturiko tumuloa. Ganbara horretan ehorzten zituzten hildakoak gure arbasoek eta dolmen bakoitza behin eta berriz erabiltzen zutela diote adituek.
Mulisko-gaineko megalitoak, edo ´kanposantu zaharra`
Oinddi aldean, Pardiolatik aurrera Argurutze pasata, Mulisko-gaina izeneko lekua aurkituko dugu. Bertan dago Euskal Herriko multzo megalitiko ederrenetako bat, betidanik ´kanposantu zaharra` izenarekin ezagutu izan dena. Hain juxtu, aurten bete dira 50 urte J. M. Hernandezek leku horretan lehen harrespila katalogatu zuenetik eta ordutik hona aurkikuntza gehiago egin dituzte inguru hartan. Aztarnategia Xabier Peñalver arkeologoak industu zuen serioski 1983 eta 1985 artean. Lau harrespil (jentilbaratzak), zista bikoitza (harrizko kaja moduko bat) eta monolito (menhir) batek osatzen dute multzoa, baina horretaz gain badaude oraindik identifikatu ezin izan diren zenbait egitura. Megalito horiek duela 2.600 urte inguru egin zituzten, Karbono 14 bidez eginiko frogen arabera, eta Burni Aroan eraiki zituzten. Indusketak egiterakoan, historiaurreko gizakiek sorturiko material eta tresna ugari azaldu zen ehorzketa monumentu horien artean, batez ere industria litikoa (harrizko puntak, zulagailuak...) Mulisko-gaineko aztarnategiak berezitasunik badu, hori da, protohistoriako monumentu megalitiko ezberdinak batera aurkitu ditzakegula bertan. Duela 20 urte errestauratu zituzten bertako harlauzak eta orain toki zoragarria da, historiaurreko garaira bidaia bat egiteko eszenatoki paregabea. Pirineotako kultura baten mugan Harrespilak dira hainbat harlauzek, zirkuluan jarrita, osaturiko monumentu sinpleak. 1.100 inguru aurkitu dira Pirineotan zehar eta kultura horren muga hemen dago, Oinddi-Adarra mendietan (mendebalderago ez da ezagutzen harrespil edo cromlech-ik). Hernanin, guztira 23 harrespil edo jentilbaratz daude katalogatuta, Azketan gehienak, baina baita Etzio eta Oinddin ere (Mulisko-gainan). Burni Aroko monumentu hauek duela 3.000-2.000 urtekoak dira eta hiletarako erabiltzen zituzten (hildakoen errautsak lurperatzen zituzten bertan). Garai beretsukoak dira Adarrako Etenetan dauden harrespilak eta monolito ezaguna. Harrespil horiek 1951n katalogatu zituzten, baina monolitoa 27 urte beranduago aurkitu zuten, inguruan botata eta hautsita. Monolitoa da kultura megalitikoan dagoen monumenturik sinpleena eta Bretainian, esaterako, 10 metro luzekoak kontserbatu dira. Etenetakoa umilagoa da eta bi metro neurtzen ditu luzeran.