Tiloseta bete jendek ongi etorri beroa egin zion, atzo, Joxe Manuel Errazkin ‘Otsua’ri

Kronika - Erredakzioa 2006ko urriaren 22a

Otsuak kartzelan daudenak gogoratu zituen, atzo, ongi etorrian. Askatasunaren izenean, ´autodeterminazioaren alde` eta ´herriaren alde` borrokan jarraitzera dei egin zuten.

Tiloseta jendez gainezka zen, atzo, Joxe Manuel Errazkin Otsuari ongi etorria egiteko. Otsuak 10 urte pasa ditu kartzelan, eta joan zen irailaren 4an atera zen. Ongi etorrian, presoen eta senitartekoen egoera salatu zuten, eta ´Euskal Herriak zapalkuntza egoeran jarraitzen duela` ere bai. Horren aurrean, herriari borrokan jarraitzeko deia egin zioten, gaur egungo egoeratik irten eta alderdi politikoak bake mahaian eserrarazteko.

Dantza, bertsoak eta kantua

Atzoko ongi etorrian, bertsoak, dantza, eta kantua ere izan ziren. Navalcarneroko kartzelan dagoen Txuriak Otsuari propio egindako 3 bertso kantatu zituen Iker Osa bertsolariak. Ttarla dantza taldeak agurra eta ikurrin dantza dantzatu zizkion, eta iparraldeko kanta bat kantatu zion Itziar Zamorak. Presoen senitartekoak kioskora igo ondoren, manifestazioarekin eman zitzaion bukaera ongi etorriari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!