Rekondo ta konpañia, beti bezala españolez.

Kronika - Erredakzioa 2006ko urr. 21a, 03:00

Maria Colera

Muturra dute gero gure agintari txit agurgarriek. Urtetan zehar herritik sortutako erakundeek egindako lanari batere jaramonik egin ez eta, hauteskundeak gertu dauzkagunean, oraintxe hasi zaizkigu herritarren hizkuntz eskubideak babesteko ez dakit nik ze zerbitzu eta euskararen erabilera sustatzeko ez dakit nik ze programa aurkezten, Euskararen Legea onartu zela 25 urte igaro eta kolpe zorrik jo gabe egon eta gero. Kale-garbitzailea izateko 4. hizkuntz eskakizuna eskatzen dute, eta teknikariak eta aholkulariak eta aditu mordoa daukate, denak ederki kobratzen noski, ezin konta ahala plan, egitasmo, programa, egitarau eta halakoak egiten euskararen inguruan. Erraza daukate ba: dakitenek egin dezatela, eta ez dakitenek ikasi. Konponbide logiko bezain merkea. Herenegun, hilak 19, osoko bilkura Hernanin. 10 puntu, eta gure alkateak eta gure zinegotziek, alderdi ustez abertzale batekoak, dena españolez. Dena ez, barkatu, gai-zerrendan euskaraz idatzita zeuden izenburuak, horiek bai, euskaraz ederki irakurri zituen gure alkate euskaldunak (?). Udaleko web-orriak hauxe dio: `Hernaniko Udalak urteak daramatza euskararen normalizazioaren alde lan egiten` Zer egin dezute zuek Udaletik joan den hiru urtean euskara zabaltzeko? Izan ere, kantak dioen moduan: `Ez al dakizu española dela español egiten zaituena?`
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!