Hernanik partidu gogorra izango du bihar Vigon

Kronika - Erredakzioa 2006ko urr. 21a, 03:00

Etxetik kanporako lehen partidua du.

Hernanik irabaziz hasi zuen denboraldia joan den asteburuan eta bihar bigarren garaipena lortu nahiko du Landaretik kanpora, Vigon, 12:00etan. Aurrean talde gogorra izango dute ordea, iaz igoera fasea jokatu zuen Universidad de Vigo. Ohorezko B mailan lau aldiz jokatu dute bi taldeek elkarren aurka, azken bi urteetan eta orain artean bi partidu Hernanik irabazi ditu, bat berdindu eta bakarra galdu. Iaz Hernanin erraz irabazi zuten etxekoek, baina Vigon galtzea egokitu zitzaien.

Modu beretsuko bi talde

Hernani eta Vigo antzeko ezaugarriak dituzten bi talde dira. Talde gogorrak dira biak, bereziki aurrelari indartsuak dituztenak. Aurten taldea ia bere osotasunean daramakite hernaniarrek eta gerra emateko gogo haundia. Joxe Elosegi entrenatzailearen hitzetan talde sendoen kontra sendo jokatzen du Hernanik eta Vigotik emaitza ona ekarri lezakeen esperantza badaramaki. Lehengo asteko partiduak irabazi egin zituzten bi taldeek eta alde horretatik moralez altu ekingo diote partiduari.

Igoera fasea, desio zaila baina posible dena

Hernanik hirugarren denboraldia du aurten Ohorezko B mailan eta dagoeneko nahiko ondo hartua dio neurria mailari. Berez, talde sendoa dute hernaniarrek eta gauzak ondo irtenez gero igoera fasera iristeko modukoa ere bai. Horretarako zortea beharko dute ordea, jendea sobran ez baita taldean eta lesio bat edo bestek taldea asko baldintzatu baitezake.

Beste bi partidu

Gaur Jubenilek Torrelavegan jokatuko dtue 16:00etan, eta kadeteek bihar 11:00etan Irunen, Euskal Ligan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!